Gurutze Gorriak jostailu “hezitzaileak” jasoko ditu urtarrilaren 2ra arte

Egoera sozio-ekonomiko zaurgarreienean dauden familietako haurrentzat jostailuak biltzen ari dira egunotan Gurutze Gorriko gazteak. Hain zuzen ere, herrian barrena egiten ari dira bilketa, zehazkiago Ikusi Makusi jostailu-dendan, Kromosoma Tailerrean eta Noski liburu dendan.
Jostailu hauen helburua haurrek duten eta Nazio Batuen Haurren Eskubideen bildumak jasotako jolaserako eskubidea bermatzea dute helburu. Hala ere, erakunde sozio-sanitario honetako gazteak biltzen ari diren jostailuek hainbat ezaugarri bete behar dituzte.
Lehenik eta behin emaileei eskatzen diete jostailu berriak izatea; dagoeneko erabiliak diren jostailuak jasotzeak eragin dezakeen estigma gutxitzea bilatzen dute. Era berean, jostailu sexista eta belikoak baztertzea eskatu dute. Izan ere, berdintasun eta bakearen baloreak zabaltzen laguntzeko baliatu nahi baitute kanpaina hau.
Iztietako auzo elkartearen egoitzan egindako prentsaurrekoan zehaztu dituzte epeak ere. Errege Eguna gogoan, jostailuak urtarrilaren 2ra arte jasoko dituzte aipatu establezimenduetan. Jostailu hauen eskaera egiteko, berriz, epemuga lehenxeago bukatuko da; hain zuzen ere, abenduaren 27a baino lehen egin beharko zaie laguntza honen eskaera Gurutze Gorriari.
Ekimen honen atzean dagoen Gazteen Gurutze Gorriaren zuzendari Jon Gil-Barreiroren arabera, ekintza honen jomuga da haur eta gazte indartsuagoak eta ahaltsuagoak dituen mundua lortzea.