Papresak konpromiso zehatzak hartu ditu Udalarekin, zarata eta kamioien trafikoa berehala hobetuko dutenak

Argazkian: Aizpea Otaegi, Errenteriako alkatea, eta Miguel Sanchez, Papresako zuzendaria.

Papresa gure udalerriko eragile ekonomiko garrantzitsua da. Duela gutxi Alemaniako industria-funts batek erosi zuenetik, CEO berriak zuzentzen du, eta eraldaketa-prozesu garrantzitsu batean murgilduta dago. Prozesu horrek 50 milioi euroko inbertsioa dakar, eta afekzioak eragiten ari da, Papresak Errenteriako hirigunean duen salbuespenezko kokapenaren ondorioz.

Bizikidetza hobetzeko eta afekzioek herritarrengan duten eragina murrizteko asmoz, Udalak lan-mahai bat jarri zuen martxan iaz Papresako Zuzendaritzaren, Udaleko ordezkari teknikoen eta Gobernu Taldeko ordezkari politikoen artean. Testuinguru horretan, azken hilabeteetan hainbat gai landu dira, zaratari, usainari eta hiri barruko kamioi astunen trafikoari lotutako eraginak hobetzeko.

Hobekuntza batzuk gauzatzeko denbora bat beharko bada ere, eta lanak ekainera arte amaituko ez diren arren, papergintzako enpresak neurri zehatz batzuk hartu ditu, zalantzarik gabe berehalako eragin positiboa izango dutenak eta udalerriko bizi-kalitatea hobetzen lagunduko dutenak.

1.- Ate automatiko eta akustikoa Askatasunaren Martiriak kalean

Alde batetik, isolamendu akustikoa duen ate automatiko bat jarriko dute apirilerako Askatasunaren Martiriak kalera ematen duen makinaren ate handian, irekita gera ez dadin. Ondorioz, kanpora ateratzen den zarata murriztuko da.

Bestalde, kanpoko hesia ere berritu egingo da, automatikoa izango da eta itxita egongo da beti, ibilgailuren bat sartzeko ireki behar ez bada. Fabrikako toki horretara iristen den kamioi-fluxua nabarmen murriztea espero da.

2.- Papresan iritsiera edo irteera duen kamioi astunik ez da Matxaingo biribilgunetik harago joango

Kamioi guztiak saihesbideko sarreratik edo Gabierrotakotik sartuko dira. Fabrikako beste puntu batzuetarako sarbidea enpresaren esparruaren barrutik egingo da. Askatasunaren Martiriak kalean dagoen sarbidea ere bai. Puntu horretan, kamioiei, kontrako norabidean biratuz, enpresaren aurrealdera sartzen utziko zaie, Nafarroa hiribideko irteeratik, Triangelu parean, igarotzen diren hiri-zatia ahalik eta txikiena izan dadin. Gabierrotatik sartzen diren kamioiak saihesbidetik sartu ezin direnak izango dira, enpresaren aurrealdera sartu behar dutelako eta ezin dutelako fabrikaren azpiko bidetik egin.

3.- Barruti osorako atseden-orduak errespetatzea

Lantegiaren kanpoalde osoan bizilagunen atseden-ordutegia errespetatuko da, eta ezingo dira kamioiak ibili ezta motorrak piztuta eduki gauez, 22:00etatik 7:00etara.

Enpresak abian duen eraldaketa-prozesua ekainera arte luzatuko da, eta obrak amaitu ondoren ere hobekuntzak egingo dira, eraginak murrizten eta bizikidetza hobetzen jarraitzeko. Horregatik, Papresaren eta Gobernu Taldearen nahia bilerak egiten jarraitzea da, neurriak hartzen jarraitzeko eta lantegiaren inguruak eta inguruan bizi direnek bizi-kalitatea irabaz dezaten.