Janis Liepins koru eta orkestra zuzendari letoniar ospetsuarekin tailerra egingo dute Landarbaso Abestatzako kideek asteburuan

Landarbaso Abesbatzak Janis Liepins koru eta orkestra zuzendari Letoniar ospetsua gonbidatu du asteburu honetan Errenterian entsegu eta interpretazio tekniken tailer bat egiteko.

Tailerra Landarbasoko egoitzan eta Niessen Kulturgunean egingo da, eta Baltikoko konpositoreen musika osorik landuko da (Estonia, Letonia eta Lituania).

Liepinsek honako hitz hauek helarazi dizkio Landarbaso abesbatzari: “Ohore handia da niretzat Landarbaso Abesbatzarekin lan egitera etortzea, nire eta eta Kamēr… abesbatzaren lagun musikalak izan direlako denbora luzez. Nire lehen egunetatik ezagutzen ditut, duela ia 15 urte Kamēr…ekin lanean hasi nintzenetik. Ez hori bakarrik, Euskal Herria ere, Tolosako lehiaketa ospetsua, beti izan da nire historiaren eta Kamēr-enaren zati garrantzitsu bat. Oso pozik nago lurralde eder hau bisitatzeagatik, lagun zaharrekin topo egiteagatik eta elkarrekin musika ederrean lan egiteagatik”.

Landarbaso Abesbatzak hilabeteak daramatza programa hau lantzen. Nahiz eta tailerra hasiera batean urtarrilerako programatuta zegoen, osasun-egoerak asteburu honetara atzeratzea ekarri du.

Arvo Pärt, Eric Esenvalds, Richar Dubra eta Jekabs Jancevskis dira horretarako aukeratutako konpositore nagusiak.

Aurretiko esperientziak

Landarbaso Abesbatzak urteak daramatza munduko zuzendari handiekin tailer propioak egiten.

Era berean, Errenteriako abesbatzak bertako irakasle onak izan ditu, hala nola Jasone Alba, entsegu-estetikaren eta gorputz-adierazpenaren esparruan, edo Jorge Pacheco, erritmoa eta bodyperkusioa landu zituena.