Uztargi eta Goialde haur eskolek apirilean irekiko dute matrikulazio-epea 2021 eta 2022an jaio diren haurrentzako

Ezkerretik eskuinera: Maripi Alastruy, Uztargi haur eskolako zuzendaria; Maider Sanchez, Goialde haur eskolako zuzendaria; eta Itziar Ostolaza, Hezkuntzako zinegotzia
  • Bi haur eskolek ate irekien jardunaldiak antolatuko dituzte datorren astean

Uztargi eta Goialde haur eskola publikoetan 2022-2023 ikasturterako matrikulazio epea 2022ko apirilaren 11tik maiatzaren 9ra arte izango da zabalik eta izen-ematea epe horretan egin ahal izango da, baina aurretik ateak zabalik izango dituzte bi haur eskolek instalazioak eta bertako hezitzaile eta langileak ezagutu nahi dituzten familientzat.

– UZTARGI: 2022ko martxoaren 29 eta 30ean.

Telefonoa: 943 512 216

– GOIALDE: 2022ko martxoaren 29an.

Telefonoa: 943 520 762

Haur eskolak ezagutu nahi izanez gero, aurretik hitzordua hartu beharko da, bakoitzaren telefonora deituta.

Matrikulazioa

Izen-ematea burutzeko bi modu egongo dira:

– Telematikoa: apirilaren 11tik maiatzaren 9ra (biak barne) www.haurreskolak.eus helbidean.

– Presentziala (haur eskoletan): apirilaren 11tik maiatzaren 9ra (10:30etik 13:30era), Pazko astea izan ezik.

Aurten hori izango da matrikulazio epe bakarra, baina ondoren familiek edozein momentutan egin ahal izango dute umeen izen-ematea, plaza libreak dauden artean.

2021ean eta 2022an jaio diren 242 haurren etxeetara bidali du gutuna Udalak, familiek Uztargi eta Goialde haur eskolen eskaintza zuzenean ezagutu dezaten.

Era berean, Errenteriako Udalak gogorarazi nahi du Errenterian hezkuntza eskaintza zabala eta anitza dagoela 0-2 adin-tartean ere. Aniztasun horrek ekosistema aberatsa eskaintzen du hezkuntzaren eremuan, familiaren eta haurraren beharretara ondoen egokituko den eskaintza hautatzeko aukera eskainiz.

Ondorioz, Errenteriako Udalak hautu hori herriko haur eskoletan egitera eta D eredua lehenestera gonbidatu nahi ditu familiak eta balorean jarri nahi du haur eskolek jendartean betetzen duten funtzio hezitzaile eta soziala; zaintza garapen pertsonal eta sozialaren erdigunean jarriz.

Goialde eta Uztargi haur eskolen ezaugarriak

Eusko Jaurlaritzak ezarritako ratioen arabera, 0-1 urteko gelan zortzi haur daude gehienez, eta 1-2 urtekoen gelan berriz, hamahiru. Uztargin zein Goialden bi hezitzaile daude etengabe haurrekin, eta hezitzaile horiek dira haurrei jaten eman eta haurrak lotarazten dituztenak.

Goialde haur eskolan 2 gela daude, eta etxeko giroa, familiartekoa, bermatzen da. Gurasoek gainera ez dute haurra haur eskolara eramateko presaka ibili behar, aparkatzeko arazorik ez dagoelako. Hezitzaileek etengabe formakuntza jasotzen dute, eta haur bakoitzaren mugimendu librea errespetatzen da.

Uztargik 5 gela handi eta belarguneak ditu. Sukaldaria bertan dute eguneroko haurren bazkaria prestatzeko, eta janari ekologikoa eskaintzen dute bertan.

Ordutegia bietan bera da, 07:30etik 17:00etara, ez badago aldaketarik.