Udalak Planetaren orduarekin bat egingo du larunbatean

Martxoaren 26an, 20:30 – 21:30 bitartean, Planetaren Ordua izeneko ekimena ospatuko da munduko hainbat tokietan eta Errenteriako Udalak, beste behin, bat egingo du ekimen honekin udaletxea argiztatzen duten argiak itzaliz.

Planetaren Ordua 2007an jaio zen Sidneyn, Klima-aldaketaren arazoaz ohartarazteko keinu sinboliko gisa. Eraikin eta monumentuetako argiak ordubetez itzaltzean datzan keinu erraz bat.

Ekintza sinboliko honen bitartez natura planetaren bizi-euskarriaren sistema dela gogorarazi nahi da, eta planetaren babestea, bertan bizi garenon osasuna eta ongizatea babestea dela.

Planetaren Orduak herritarrak, enpresak, udalak eta gizarte-eragileak batzen ditu Klima-aldaketaren eta biodibertsitatearen galeraren aurka borrokatzeko. Urteak pasa ahala, mundu mailako mugimendu bihurtu da, eta 200 herrialdetako milaka hirik hartzen dute parte. Aurreko edizioetan, 17.000 monumentu eta eraikin esanguratsu baino gehiago itzali zituzten, Eiffel dorrea edo Koliseoa, esaterako.

2022ko edizioa une bereziki garrantzitsu batean egingo da. Gobernuen eta erakundeen aliantza batek anbizio handiagoa eta berehalako eskuhartzea eskatzen du 2030erako naturaren galera gelditzeko eta leheneratzeko. Izan ere, Nazio Batuen berriztapenerako eta 2030 Agendak ezarritako Garapen Jasangarriko Helburuak betetzeko hamarkadan bizi gara.

2022ko Planetaren Ordua ospatu eta aste gutxi batzuetara, munduko liderrak Nazio Batuen Aniztasun Biologikoari buruzko Hitzarmenaren COP15ean elkartuko dira, datorren hamarkadarako naturarentzako ekintza-plan global berri bati buruz eztabaidatzeko.

Bestalde, One Health kontzeptuak ere garrantzia handiagoa hartuko du 2022an; izan ere, pandemiaren ondoren, geroz eta nabarmenagoa da gizaki osasuntsu gisa bakarrik bizi gaitezkeela planeta bera osasuntsu badago.

Planetaren Orduaren antolatzaileek, argia itzaltzeko keinu sinbolikoa mantentzeaz gain, Planeta babesteko erronka bat proposatzen du urtero. Aurten, proposatutako erronka “Planetari itzulia ematea” da, parte hartzen duten pertsona guztien artean Lurrak dituen 40.000 kilometroko perimetroa osatzeko (#KMPorElPlaneta).

Errenteriako Udalak herritarrak Planetaren aldeko ekimen honetan parte hartzera animatzen ditu.