Ukrainarekin elkartasunezko kontzertu batekin hasiko du EMKEk denboraldi berria larunbat honetan

  • Sarrera doakoa da eta barruan dirua emateko aukera egongo da

EMKE Errenteriako Musika Kultur Elkarteak ‘Gure Bakarlariak’ zikloa zabalduko du larunbat honetan, martxoak 26an, arratsaldeko 20:30ean, Fatimako elizan. Ukrainarekin elkartasunezko kontzertua izango da eta Oscar Abella Euskadiko Orkestra Sinfonikoko bakarlariak parte hartuko du.

Sarrera doakoa izango da eta barruan nahi dena emateko aukera egongo da. Bildutako dirua Chernobil Elkartearentzat izango da. Hain zuzen ere, Maria Izagirre eta Olatz Linazisoro elkarteko kideak kontzertuaren aurkezpenean izan dira, eta gogorarazi dute inguru horretan bizi duten egoera oso larria dela, eta kokapenarengatik ezinezkoa egiten zaiela bertakoei Ukrainatik ateratzea.

Aizpea Otaegi alkateak honako hau adierazi die elkarteko kideei: “Denok gaude oso kezkatuak Ukrainan gertatzen ari denarengatik eta ukrainarrak sufritzen ari diren egoerarengatik baina ez dut imajinatu nahi zer izan behar den han daudenei aurpegia, izena eta bizipen asko jartzen dizkiegunean senti daitekeena.

Eta zuek hain juxtu uda askotan zehar Chernobildik ekarritako ume horiek azkenean zuen seme-alabatzat dituzue eta nik uste dut diruaz harago kontzertua dela zuei babesa eta goxotasuna adierazteko modu bat. Zentzu horretan uste dut Bandaren ekimena bat egiteko modukoa dela”. Horretaz gain, adierazi du Ukrainan gertatzen ari denarekiko kezka horretatik, Udalak hainbat ekimen jarri dituela martxan; adibidez Gaztelutxo Eusko Jaurlaritzari eskaini dio behar izanez gero Ukrainatik datorren jendeari lehen harrera egiteko aterpetxe bezala, nahiz eta momentuz ez den erabili. Bestetik, 8.000 euroko emergentziazko dirulaguntza bat bideratu da terrenoan bertan lan egiten duten erakundeentzako, behar denerako laguntza bertara iritsi dadin. Eta baita ere Ukraina Elkartearekin lankidetzan beharrezkoak izan daitezkeen gaien bilketa bat antolatu da. Kontzertu honi dagokionez, azkenik, adirazi du: “Bereziki polita iruditzen zait hango neska-mutilekin harreman zuzena duzuen familiei goxotasun keinu hau eskaintzea jasotzen den diruaz harago”.

Bere aldetik, Alain Ayerdi bandaren zuzendariak adierazi du plazerra dela Oscar Abella herrira etortzea, sekulako musikaria baita, eta kontzertuan ikusiko dela. Abellak hiru pieza joko ditu, horietako bat ofikleidoarekin. Instrumentu hau oso berezia dela adierazi dute, saxofoiaren aurrekaria. Kuriositate moduan, azaldu dute zehazki Oscar Abellak kontzertuan erabiliko duen ofikleidoa gizon batek aurkitu zuen Berako elizan, egur batzuen azpian. Gizon horri erosi zion instrumentua Oscarrek, eta, ikertu ondoren jakin du 1890. hamarkadan egindakoa dela.

Denboraldi berria

Larunbateko kontzertuak hasiera emango dio denboraldi berriari, eta urte honi begira EMKEren arduradunek nabarmendu dute ekainean Orfeoiarekin batera emango duten ‘Carmina Burana’ kontzertua. Halaber, ildo nagusien artean dago ‘Urrats bat aurrera’ programarekin jarraitzea artista berriei tartea zabaltzeko. Beste ildo bat da ‘Gure bakarlariak’ bezalako zikloei berebiziko garrantzia ematea.

Gainera, urtean zehar beste sorpresa batzuk ere egongo dira, adibidez, urrian Jantziaren Zentroarekin elkarlanean egingo duten kontzertua urrian.
Bukatzeko, herritarrak animatu dituzte larunbateko kontzertura joatera, diruaz haratago, Ukrainako jendeari goxotasuna helarazteko.