‘Hizkien alde. Manifestua’ haurrentzako album ilustratua aurkeztu dute

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Iñaki Zapirain, albumaren ilustratzailea, eta Goiatz Labandibar, albumaren idazlea

‘Hizkien alde. Manifestua’ album ilustratua aurkeztu zuten atzo Lekuona Fabrikan liburuaren idazle Goiatz Labandibarrek eta Iñaki Zapirain ilustratzaileak.

Haurrentzako manifestu bat da albuma, irakurtzearen eta idaztearen aldeko aldarrikapen bat.

Zer da idazle izatea? Zer da irakurle izatea? Zein da idazlea? Eta zein irakurlea? Hausnarketa horiek daude albuma honen atzean. Era ludiko eta gozagarri batean haurrak ahaldundu nahi ditu irakurle eta idazle badirela senti dezaten.

Liburua bi zatitan banatuta dago: irakurlearen aldeko dekalogoa hasieran eta idazlearen aldekoa ondoren. Esaldi bakoitza aldarrikapen bat da.

Liburua haurrentzako pentsatuta dago, baina aldarrikapenak adin guztiak gainditzen dituela argi dute egileek. “Denentzat da baliagarria”.

Baliagarriatasun hezitzailea ere badu albumak, haurren artean irakurzaletasuna sustatzeko egiten den lanari bultzada, aitortza eta laguntza eskaini nahi dio.