Dantzaz, antzerkiaz eta musikaz gozatzeko programazioa aurkeztu du Udalak

Apirilean eta maitzean arte bizien programazio anitza eskainiko dute Lekuona Fabrikak eta Niessen Kulturguneak adin eta gustu guztietarako. Oholtza gainean oso izaera ezberdinetako pertsonaiak arituko direla azaldu dute gaur Maite Gartzia Kultura zinegotziak eta Iker Tolosa Kultura teknikariak prentsa aurrean.

Node konpainiaren ‘Hiru hitzetan’ proposamenarekin hasiko da apirila. Ikuskizun hau sortzeko dantza garaikidea oinarrian duten hiru konpainien hiru lan batu dituzte: Noderen ‘Emakumeak’, Amaia Elizaran eta Xabier Zeberioren ‘Out’ eta Nerea Gurrutxaga eta Oihana Vesgaren ‘Leiho zikin, zeru garbi’. Hilaren 2an izango da, Niessen Kulturgunean, 20:00etan.

Borobil Teatroak ‘Narzis@’ publiko familiarrarentzako ikuskizuna eskainiko du apirilaren 8an. Antzezlanaren protagonista Peru da, 12 urte bete dituen egunean gurasoek oparitutako smartphonea dela-eta, sare sozialak ezagutu eta beste pertsona bat izan daitekeela konturatuko den gaztea. Emanaldia 18:00etan hasiko da Niessen Kulturgunean.

Bi egun geroago, hilaren 10ean, Atx Teatroaren ‘Lubaki lainotsua’ antzezlana ikusteko parada izango dute Niessen Kulturgunera bertaratzen direnak. Izen gabeko gerraren lubaki batean, bakar-bakarrik geratu den soldadu beterano bat aitzakia hartuta belaunaldien arteko talkaz, zahar eta berrien arteko komunikazioaz edo norberaren bizitza balioan jartzeaz arituko dira antzezleak oholtza gainean; 19:00etatik aurrera.

Apirilaren 13an Bettina Szabo dantzariak egonaldi irteerako emanaldia eskainiko du Niessen Kulturgunean, 19:00etan. Emakumearen bizitzako hainbat etapatan banatzen den ‘Zeruki’ izeneko lanaren erakustaldia egingo du Szabok Dantzaz konpainiako dantzariekin batera Euskadi-Quebec egonaldiaren baitan. Dantzagunearekin elkarlanean programatutako saioa da.

Dantza urbanoen U-Battle txapelketa bat ere izango apirilean. Unity proiektuaren eskutik, bi mailatan banatuta antolatu dute ekitaldia: kids eta all styles. Lekuona Fabrikan izango da hilaren 14an, 16:00etan.

Hurrengo hitzordua maiatzaren 8an izango da. La dramática errante konpainiak Momotxorro Altsasuko inauterietako pertsonaiaren irudia oinarri hartuta, azken urteetako kasu judizial polemikoenetakoa oholtzaratuko du ‘Altsasu’ antzezlanaren gaztelaniazko bertsioarekin. Niessen Kulturgunean izango da 19:00etan. Gainera, Atarian ekimenari esker, ikuskizunaren ostean, publikoak artistekin solasaldi bat izateko aukera izango du.

Musikaren txanda hilabete maiatzaren 13an iritsiko da. Kontzertua eskainiko duen taldearen izena oraindik jakinarazi ezin duela esan du Tolosak baina euskal talde bat dela aurreratu du eta rock musikaren jarraitzaileei Lekuona Fabrikako agenda gertutik jarraitzeko gomendioa eman die.

Amaitzeko, Spasmo Teatrok ‘Giza gorputzaren erdigunera bidaia’ antzezlan familiarra eskainiko du maiatzaren 20an Niessen Kulturgunean. Pertsona baten barrura sartu eta gorputzean zehar abentura bat bizitzeko aukera izango dute ikusleek.

Lehen ikuskizunetarako sarrerak eskuragarri daude dagoeneko sarrerak.errenteria.eus webgunean eta Lekuona Fabrikan. Gainera, ikuskizunaren egun eta aretoan bertan, ordubete lehenago leihatila irekiko dute sarrerak eskuratzeko, beti ere lehenago agortu ez badira. Gainontzeko emanaldietarako sarrerak, berriz, datozen egunotan aktibatu dituzte.

Helduentzako ikuskizunen sarrera 8 euroan eros daitezke eta familiei zuzendutako ikuskizunenak 3 euroan emanaldi berezietan izan ezik; izan ere, badira aipatu prezioak baino merkeagoak diren emanaldiak. Gainera, Kultura txartelaren titularrek %20ko deskontua dute.

Ikuskizun guztien inguruko informazioa kultura.errenteria.eus webgunean topa dezakete intresdunek.