Atlantikaldia bere lengoaia unibertsalenarekin dator

  •  Jaialdia irailaren 15etik 18ra ospatuko da ‘Itsas kodeak’ lelopean.
  •  Kartelaren irudia Andoni Gartzia eta Los Metzicans artisten elkarlana da.
  •  Egitaraua osatzeko proposamenak jasotzeko epea martxoaren 31tik maiatzaren 8ra izango da.

2014ko lehen edizio hartatik etenik gabe ospatu da Errenterian Atlantikaldia, Kultur Topagune eta Musika Jaialdia. Azken bi urteotan, pandemia egoerak ezarri izan dituen baldintzetara egokitu behar izan da jaialdia eta, aurten, bederatzigarren aldiz hartuko ditu herriko kaleak irailaren 15etik 18ra, ‘Itsas kodeak’ lelopean.

Lengoaia unibertsala dira itsas kodeak, herri ezberdinen arteko komunikaziorako baliatu izan direnak. Atlantikaldiak kulturen arteko elkarbizitza helburu izan du bere sorreratik eta lengoaia komunak sustatzea lortu du musika, dantza eta beste hainbat espresio artistikoren bidez.

Alor artistikoan ez ezik, harremanak sortzeko zein herritarren arteko komunikaziorako moldeak ere eskaini ditu Atlantikaldiak bere ibilbidean zehar. Hori dela-eta, aurtengo edizioak keinu egingo die itsas kodeei, urte hauetan zehar jaialdiak bere egin dituen eta sortzear dauden kode horiei guztiei.

Egitaraua osatzeko proposamenak

Nortasun handiko hitzordua izatea lortu du Atlantikaldiak eta hein handi batean eragileek programazioa osatzeko egin izan dituzten proposamenei esker izan da hori. Aurten izaera horri heldu nahi dio Udalak berriro ere eta proposamenak jasotzeko epea zabaldu dute gaur bertan, martxoak 31. Maiatzaren 8ra arte egongo da zabalik, bi egun horiek barne, eta dokumentazioa online aurkeztu beharko dute eragileek, atlantikaldia.errenteria.eus webgunean dagoen formularioaren bidez.

Proposamenak baloratzeko garaian, antolakuntza batzordeak honako irizpide hauek izango ditu kontuan: urtean zehar antolatutako ohiko ekitaldien errepikapena ez izatea, hots, berrikuntzaren bat barneratzea; herritarren parte-hartzea sustatzea; eragile ezberdinen arteko elkarlanetik sortutako ekimena izatea; eta kultur aniztasuna bultzatzea.

Behin Atlantikaldiak proposamenen balorazioa egin eta gero, igorleekin jarriko da harremanetan antolakuntza taldea.

Sorkuntza ardatz

Atlantikaldiaren zutabe garrantzitsua da sorkuntza. Itsas Elkarrizketen bidez, jaialdiaren lehen edizioetatik, jatorri anitzetako sortzaileak harremanetan jarri izan ditu jaialdiak ikuskizun eta adierazpen artistiko bakarrak sortzeko.

Atlantikaldiaren bereizgarri nagusienetako bat bilakatu dira elkarrizketa hauek eta sorkuntzak jaialdian presentzia duten disziplina guztiak zipristindu izan ditu: musikatik hasi eta gastronomiaraino. Aurten ere hori izango da jomuga.

Horren adibide garbia da jaialdiaren irudia; izan ere, aurten Ondarroako Andoni Gartzia diseinatzaileak Mexikoko Los Metzicans ilustratzaile eta muralgileekin elkarlanean osatu baitute kartela. Hilabeteak eman dituzte Atlantikoaren bi ertzetatik lanean eta kartel koloretsua sortu dute, Mexikoko eta Euskal Herriko tradizioak batuta: erdialdean tonatiuh eguzki mexikarra irudikatu dute eta bere printzak euskal traineruekin irudikatu dituzte.