‘Lumineszenteak. Emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak, eta erresilientzia historia zenbait’ erakusketa, Xenpelar Etxean ikusgai

Egileek erakusketa aurkeztu zuten Xenpelar Etxean
  • Erakusketa apirilaren 23ra arte egongo da ikusgai Xenpelar Etxean, astelehenetik larunbatera, 17:00etatik 20:00etara.
  • LUMINESZENTEAK. Emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak, eta erresilientzia historia zenbait’ liburu eta erakusketa homonimoak diskurtso nagusietan oihartzunik eta lekurik ez duten emakumeen testigantzak nahiz argazkiak biltzen ditu.
  • Igone Mariezkurrena Fernandez kazetariak eta Irantzu Pastor Ordoki argazkilariak maiz erregistrorik, neurketarik eta izenik ere ez duten bortxetan ipini dute arreta.
  • Liburua 2018 eta 2021 bitarte Palestinan, Indian, Lakota Nazioan eta Euskal Herrian elkarrizketatutako 63 emakumeren bizitza-historiek eta erretratuek osatzen dute; Farmazia Beltza argitaletxearen eskutik ikusi du argia.
  • Erakusketak izen bereko liburua du oinarri, testu- zein irudi-narrazioa uztartzen ditu, eta KCD (Kultura, Communication y Desarrollo) GGKE-k antolatzen duen Bilboko Cine Invisible Film Sozialak Nazioarteko Zinema Jaialdiaren 13. edizioarekin batera aurkeztu zuten. Orduz geroztik, Euskal Herriko hainbat Kulturgune eta Emakumeen Etxeetara iritsi da, eta horretan jarraituko dute datozen hilabeteetan ere.

Nola egiten dio aurre emakume palestinar batek minbizia bezalako gaixotasun bati lurralde okupatuetan? Nolakoa da Indiako emakume alargun baten bizitza, egoera horren estigma dela-eta bizirauteko eta semea elikatzeko prostituzioan aritu behar badu? Nola bizirauten du bost urte zituelarik ‘Indiarrentzako Barnetegi’ batera indarrez eraman eta bere hizkuntza, kultura, eta jatorria ahaztera behartu zuten Ipar Amerikako emakume natibo batek? Zer nolako indarkeria pairatzen du emakume ijito batek, mespretxuzko eta susmo txarreko begiraden bidez, autobusean esertzen denean edo denda batean sartzen denean?

‘LUMINESZENTEAK. Emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak, eta erresilientzia historia zenbait’ lanak biltzen dituen kontakizunen protagonistak egiturazko indarkeria-testuinguruetan bizi edo hazi izan dira, hala nola okupazio militar, pobretze, behartutako lekualdatze, genozidio, arrazakeria edo asimilazio kulturaleko giroetan. Estrukturalak diren bortizkeria horiek, baina, modu bereizian islatzen dira emakumeen identitateetan, gorputzetan, subjektibitateetan, esperientzietan eta gizarte-harremanetan. Izan ere, emakumeen aurkako indarkeria patriarkalak adierazpen-sorta zabala hartzen du; generoak, arrazak, etnizitateak, klaseak, sexualitateak eta abarrek zeharkatutako harreman sozial, ekonomiko eta politikoetan gauzatzen den etengabeko eta eskala anitzeko botere-ariketa baita.

Sarritan erregistrorik, neurketarik ezta izenik ere ez duten bortizkeria forma horiek guztiak nola gurutzatzen diren eta emakumeen eguneroko bizitza nola baldintzatzen duten ulertzeko ahalegin bat da proiektu hau. Gizarte-egituren azpian ezkutatuta eta ikusezin dauden emakumeen aurkako indarkeriak argitara atera nahi ditu, eta emakumeei buruzko diskurtso homogeneizatzaileak apurtu, beren burua defendatzen duten eta aurka egiten duten gorputzen irudiekin ordezkatzen dituzten narratiba berriak sortuz.

Igone Mariezkurrena kazetariak eta Irantzu Pastor argazkilariak 2018 eta 2021 bitarte su motelean egositako lan autogestionatua da LUMINESZENTEAK; mimo eta errespetu handiz egindako entzute-prozesu baten emaitza. Palestinan, Indian, Lakota Nazioan (Hego Dakotako Pine Ridge sioux natibo erreserban) eta Euskal Herrian bertatik bertara dokumentatutako 63 testigantza eta irudi-sorta dakartzate liburuaren 312 orrialdeek. Kontaketa horiek dagokien testuinguruan kokatzeko datu eta azalpenak ez ezik, bestalde, bi egileen begirada subjektiboaren arrastoa ere badago obran.

Liburuak Farmazia Beltza argitaletxearen eskutik ikusi du argia, azal gogordun eta diseinu erakargarriko bi ediziotan: euskarazkoa eta gaztelerazkoa. Elkar eta Txalaparta banatzaileen eskutik, eskuragarri dago Euskal Herriko liburu-dendetan, 25 euroren truke.

Erakusketa homonimoak liburua du oinarri, haren lagin bat da. Orotara 24 emakumeren testigantzen laburpenak (elebitan) eta argazki-hautaketa bat dakartza.

Egileek urriaren 13an aurkeztu zuten LUMINESZENTEAK proiektu osoa Bilboko Zabalgune eraikinean. Orduz geroztik, Euskal Herriko hainbat Kulturgune eta Emakumeen Etxeetara iritsi da, eta horretan jarraituko dute datozen hilabeteetan ere.