Triatloi eskola jardunaldia egingo dute larunbatean

  •  600 gaztek baino gehiagok hartuko dute parte
  • Trafikoaren gainean eragina izango du eta goizean Fanderiako igerilekua eta hidroterapia gunea itxita egongo dira

Maiatzaren 28an, larunbata, Triatloi eskola jardunaldia egingo dute Errenterian, Oarsotri Triatloi Klubak antolatuta, Errenteriako Udalaren laguntzarekin.

Oarsoaldeko ikastetxeetako 600 gaztek baino gehiagok parte hartuko dute.

Parte-hartzaileek beren trebezia erakutsi beharko dute, korrika eta igeri egin eta bizikletaz ibiltzeko garaian. Proban 50 metro igeri, 1.400 metro bizikletaz eta 650 metro korrika egin beharko dituzte. Parte-hartzaile bakoitzak ekintza bakoitzerako beharrezkoa duen ekipamendua eraman behar du. Igeriketarako, txankletak, txanoa, bainujantzia eta betaurrekoak. Bizikletaz ibiltzeko, kaskoa, kamiseta, zapatilak eta bizikleta. Eta, azkenik, korrika egiteko kamiseta eta zapatilak.

Jardunaldi horretako igeriketa probak Fanderiako igerilekuan egingo dira, bidegorria oinez egingo den lasterketarako erabiliko da eta txirrindularitza proba, berriz, Touring eta Fanderia etorbideen arteko hiri zirkuituan egingo da, hain zuzen ere Fanderiako igerilekuko biribilgunearen eta Fanderiako futbol zelaiaren sarrera nagusiaren artean. Norabide bikoitzeko zirkuitua izango da.

Probaren irteera eta helmuga Fanderiako Igerilekuaren parean egingo dira, zirkuituaren erdiko gunean. “Trantsizio” gunea, kirolariek ekipamendua aldatzeko erabiliko duten gunea, alegia, Fanderiako igerilekuaren soropilean kokatuko da.

Triatloiak bi trantsizio izango ditu: igeriketatik txirrindularitzara eta txirrindularitzatik korrika egitera. Trantsizio horietan parte-hartzaileek modalitate bakoitzerako beharrezko ekipamendua jarri eta kendu beharko dute modu egoki eta seguruan.

Oarsotri Triatloi Klubaren boluntarioek laguntza emango dute jardunaldian. Era berean, OTXE elkarteak (Oarsoaldeko Txirrindularitza Eskola) laguntza eskainiko du bizikletaren mekanikarekin zerikusia duten alderdietan. Zirkuitua trafikorako itxita egongo da erabat eta hesiak jarriko dira jendea sar ez dadin.

Fanderiako pilotalekua prestatuko da kontsigna jartzeko.

Trafikoa moztuta egongo da

Zirkuitua trafikoarentzako itxita egongo da maiatzaren 28an (larunbata) 7:30etik 15:00etara.

Era berean, zirkuituaren seinalizatutako eremuetan ezin izango dira ibilgailuak aparkatu maiatzaren 27ko (ostirala) 22:00etatik larunbateko 15:00etara.

Parte-hartzaile nahiz Fanderiako kirolgunera hurbildu nahi duten pertsonei bizikletaz edo oinez bertaratzeko gomendioa egin die Udalak; izan ere, Fanderiako kaleak trafikoarentzat moztuta egongo dira eta ibilgailua erabiltzea eta aparkatzea zaila gerta liteke.

Igerilekua ixtea

Lehiaketa hori dela-eta, Fanderiako igerilekua eta hidroterapia gunea maiatzaren 28an, larunbata, itxita egongo dira 9:00etatik 14:00etara. Instalazioko gainerako guneak irekita egongo dira ohiko ordutegian. Nahi duten pertsonek Galtzarabordako Kiroldegia erabil dezakete. Igeriketako haurrentzako ikastaroak Galtzarabordako Kiroldegira aldatu dira.

Errenteriako Udalak ulermena eskatzen die kirol-jardueraren garapenak modu batera edo bestera eragin diezaiekeen pertsona guztiei.