Ikasturte-amaierako azterketak prestatzeko ikasketa guneak eskainiko ditu Udalak

Ikasteko guneen eskaintza indartze aldera, eta garai honetan Covid-19 pandemiaren aurretik liburutegi zaharrean ematen zen zerbitzuari berriro helduz, ikasteko beste gune bat irekiko da larunbat arratsaldetan, 16:00etatik 20:00etara, eta igande goizetan, 10:00etatik 14:00etara. Ikasketa-gela Reina Aretoan egongo da, eta bertan mahaiak, aulkiak eta entxufeak jarriko dira hainbat gailu konektatzeko. 60 ikaspostu arteko edukiera kalkulatzen da.

Ekainaren 4tik uztailaren 17ra bitarteko larunbat eta igandeetan irekiko da Reina aretoa xede horretarako, biak barne.

Horrez gain, Udalak ohiko eskaintza gogorarazi nahi du; Lekuona Fabrikak 2. solairuan 48 pertsonarentzako Isilgunea eta 16 ikaspostutarako edukiera duen Lantegia izateaz gain, 0. solairuan ere mahai eta aulkiekin hornitutako toki bat prestatuko da, eskaripean. Espazio hori Lekuona Fabrikako Plaza guztiak jarduerekin okupatuta daudenean erabiliko da.

Lekuona Fabrikako ordutegia ohikoa izanen da; astelehenetik ostiralera 9:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 9:00etatik 14:30era.