Emakumeen Etxeak Kalean Ehuntzeko Nazioarteko Eguna ospatzera gonbidatu ditu herritarrak, ‘Kaleak gureak dira’ lelopean

Ekainaren 11an, larunbatean, burutuko da ekimena, 10:00etatik 13:00etara, Zumardian. Bertara hurbiltzera gonbidatu du Emakumeen Etxeak ehuntzen duen herritar oro, historikoki espazio pribatuan burutu izan den langintza hori espazio publikora ateratzeko helburuz.

Errenteriako Eskola Feministako “Kakorratzez sareak ehuntzen” tailerreko ikasleak izan dira #puntuetakitto ekimenarekin bat egitera animatu direnak. Eta, horiez gain, haiekin aktiboki parte hartuko dute Errenkoalde merkatarien elkarteak, Artile Mataxak dendak eta Errenteriako auzoetako lau emakume-elkartek (Alai, Laguntasuna, Itzatu eta Lore-Toki).

Errenterian ez ezik, Pasaian, Astigarragan, Hondarribian, Gasteizen, Eibarren eta Billabonan ere burutuko da ekimena egun berean.

Ekimenak ondorengo helburuei erantzuten die:

• Ehuntzearen artea aldarrikapen feministarako tresnan bihurtzea.

• Eremu publikora ateratzea emakumeei eta eremu pribatuari lotuta egoteagatik beren balioa kendu zaien diziplinak.

• Herria eraikitzeko eta ehuntzeko hurbiltasuneko harreman afektiboei balioa ematea.

• Lanen atzean dagoen jakinduria guztia ikusaraztea eta gure arbasoek itzalean egindako lanaren balio kalkulaezina aitortzea.

Ekimen honen sortzailea #puntuetakitto mugimendua da. 2021ean sortu zen Pasaian Lalocadelacasa-ko Oihana Merinoren eta Adinkide GKE-ko Blanca Caballeroren eskutik.

Ondoren, proiektuarekin bat egin zuen “Indarkeria Sexistaren Aurkako Mataxak”-eko Isabel Oterok eta 2022an, Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza bati esker, mugimendua sendotu dute, ehuna aldarrikapen feministarako baliabide bihurtuz.