San Inazio kontzertua eskainiko du igandean Errenteriako Musika Bandak

Uztailaren 31n, igandean, 22:30ean, Herriko plazak berriro hartuko du Errenteriako Musika Bandak urtero eskaintzen duen San Inazio kontzertua.

Aurten, gainera, emanaldiak zezensuzkoa izango du berriz ere, izan ere, antolatzaileen hitzetan, “100 urte luzez gurean dugun kontzertu honen ibilbide historikoa berrikusi dugu, eta hortxe kokatzen da aurtengo ediziorako berreskuratuko dugun zezensuzkoa”.

Kontzertu egitarauari dagokionez, Alain Ayerdi Gurpegiren zuzendaritzapean, Errenteriako Musika Bandaren artxibotik jasotako 3 obra entzun ahal izango dira. Felix eta Julian Lavilla anaiek konposatutako ‘Talay Mendi’ kalejira, ‘La Calandria’ jota eta ‘Camino Doloroso’. Ildo berberean koka daitezke kontzertuari hasiera emango dion ‘Ariña’ Torrqmuzquizen obra. Diasporari ere erreparatuko diote Melvin Sheldonen ‘Basque Rhapsody’ obra medio. Eta hauekin batera, 100 urte luzez gurean dugun San Inazio kontzertu honen ibilbidea markatu duten ‘A Igarondo’ eta ‘San Inazio Martxa’.