Bisita gidatu paregabeak antolatu dituzte Errenteriako ingurune naturalean

Errenteriako Listorreta-Barrengoloia guneak abian jarriko du aurten, berriro, Giden Zerbitzu Ofiziala. Abuztuko bigarren asteburutik aurrera, Aiako Harria Parke Naturalean kokatutako eremu horretako ondare naturala eta kulturala ezagutu ahal izango da giden zerbitzu espezializatu baten bitartez.

Eskaintzen den ibilbideetako bat Añarbeko basoaren erreserba ezagutzeko lau orduko bisita gidatua da. Idoian (Susperregi) abiatuko da txangoa eta inguruko paisaiaz gozatzeaz gain, Malbazargo eta Pagosardeko hezeguneetan bizi den faunaren berezitasunak azalduko dira. Hala, pagadietan barneratzeko eta hango biodibertsitatea ezagutzeko aukera eskainiko du ibilbideak.

Beste aukeretako bat Aizpitarteko kobazuloetako aztarna paleolitikoak ezagutzea da, gutxi gorabehera 1:30 orduko iraupena duen bisita burututa. Euskal Herrian aurkitutako Goi Paleolito garaiko lehendabiziko aztarnategi honetan hainbat fosil aurkitu dira, hala nola: hartzenak, bisonteenak, otsoenak, oreinenak, elur-oreinenak eta errinozeroenak. Era berean, kobazuloetan bizitako antzinako ehiztariek egindako lantzak eta harrizko aizkorak ere agertu dira. Bisita honek dimentsio berri bat hartu du gaur egun; izan ere, kobazuloetarako sarbidea mugatuta dago aurkitu berri den Paleolito garaiko horma-artea babesteko. Aurkitutako grabatu hauek apartekoak dira antzinatasunari, teknikari eta kontserbazioari dagokionez.

Beste bisita bati esker Lau Haizeta Parkea eta hango monumentu megalitikoak ezagutu ahal izango dira. Babestuta dagoen 600 hektareako eremu honetan Txoritokietako estazio megalitikoa bisitatuko da eta gure arbasoek eraikitako hainbat hileta-monumenturen arrastoak ezagutuko dira: trikuharriak eta tumuluak. Aldi berean, Sanmarkoko eta Txoritokietako gotorleku militarren inguruan dauden basoetan eta hezeguneetan ere barneratuko da ibilbidea.

Azkenik, Aldura, Pertxel eta Igantzi mendietako bazterrak zeharkatuko dituen bisita gidatua egiteko aukera eskainiko da. Idoiatik (Susperregi) abiatuta, Aiako Harriko Parkearen eta KBEaren (Natura 2000 Sarea) barnean aurkitzen diren hiru mendi horien inguruneak eskaintzen dituen ikuspegi panoramikoez gozatu ahal izango da. Ildo horretan, Añarbeko urtegiko paisaiaz gain, ondorengo guneak ere ezagutu ahalko dira: Aldurako elurtegia, basoaren zaharberritze lanak, anfibioak babesteko sortutako ur-putzuak eta inguruko hegaztien biodibertsitateari buruzko bitxikeriak.

Bisita gidatuak urrira arte antolatu dira eta doakoak izango dira. Guztiak 10:00etan hasiko dira, baina egutegi eta abiapuntu desberdinak izango dituzte:

  • Lau Haizeta Parkea eta Txoritokietako Estazio Megalitikoa: Abuztuak 6, irailak 4 urriak 1. Abiapuntua: Sanm Marko Gotorlekua. Iraupena: 3 ordu.
  • Aizpitarteko kobazuloetako aztarna paleolitikoak: Abuztuak 14, irailak 10 eta urriak 9. Abiapuntua: Listorreta-Barrengoloiako Parke Naturaleko Bulegoa. Iraupena: 1:30 ordu.
  • Añarbeko Baso Erreserba: Abuztuak 20, irailak 18 eta urriak 15. Abiapuntua: Idoia, Susperregi jatetxearen aparkalekua. Iraupena: 4 ordu.
  • Aldura, Pertxel eta Igantzi mendietako ingurunea: Abuztuak 28, irailak 24 eta urriak 23. Abiapuntua: Idoia, Susperregi jatetxearen aparkalekua. Iraupena: 4 ordu.

Ibilbide gidatu hauek burutzeko beharrezkoa da aldez aurretik erreserba egitea Errenteriako Turismo Bulegoaren bitartez:

Errenteriako Turismo Bulegoa
Madalen Kalea, 3
943 494 521
turismoa@oarsoaldea.eus