Kukai Dantzaren ‘Eta orain zer?’ ikuskizunaren erabateko estreinaldia hartuko du Lekuona Fabrikak abuztuaren 27an

20. urteurrena ospatu du Kukai Dantzak eta Jon Maya buru duen konpainiak ikuskizun berria sortu du: ‘Eta orain zer?’.  Erabateko estreinaldia Lekuona Fabrikan izango da hilaren 27an, larunbata, 20:00etan,  Donostiako Musika Hamabostaldiaren Musika Aitzaki programaren barruan.

“20 urteko ibilbidearen ondoren eta pandemia bat pasatu ostean, geure buruari galdetu diogu zein izan behar den gure hurrengo pausoa”, azaldu du Mayak ikuskizunaren jatorriari buruz. Baina dantzaria harago joan da, “ohiko ikuskizun bat baino gehiago, publikoarentzat esperientzia murgiltzaile bat bezala definitzea gustatzen zaigu; horregatik, erraza da azaltzea zergatik egiten den  Lekuona Fabrikan, Musika Hamabostaldiaren barruan, espazio ireki eta garden bat eskatzen baitu. Ez da ikuskizun ohiko bat, ez artista ez ikusleentzat; ateak irekitzen direnean, ikusleek espazio huts bat aurkituko dute, eta bertan gauzak gertatzen hasiko dira”.

Koreografiari dagokionez, soka-dantzaren eskutik etorri da inspirazioa, “munduko antzinako kultura askotan presente dagoena, eta jakina, baita Euskal Herrian eta bereziki Gipuzkoan. Guretzat, soka-dantzak gizartearen batasuna, ezberdinen arteko elkar ulertzea, kultura-aniztasuna eta kultura-transmisioa sinbolizatzen ditu. Gure gaurkotasunaren ikuspegia, soka-dantzaren sinbologiaren bidez lantzea genuen helburu. Sinbologia hori oinarri hartuta, ikerketa bat egin dugu proiektu hau sortzeko. Bertan, jatorri bai geografiko eta bai koreografiko oso desberdinak dituzten hamar danzarik parte hartzen dute” adierazi du Mayak. Horren adibide da Junaid Jemal Sendi dantzari etiopiarraren parte-hartzea, Gipuzkoa Cooperari esker.

Lan berriak, gainera, Pascal Gaigne konpositorearen musika originalarekin kontatzen du eta horren interpretazioa Euskal Herriko Gazte Orkestraren (EGO) esku egongo da Rubén Gimeno musika zuzendariaren gidaritzapean. Hain zuzen, aurten 25 urte bete dituen orkestrak koreografian bertan modu aktiboan parte hartuko du.

Sarrerek 20 euroko prezioa dute eta www.musikahamabostaldia.eus webgunean nahiz, Kursaal eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eskura daitezke.