Asteburu honetan Errenteriak Cadizeko Inauteriez gozatuko du

Asteburu honetan zortzigarren Txirigota Jaialdia izango da, Jose Antonio Achucarro jaialdiaren arduradunak eta Niessen Elkarteak antolatuta. Hitzordua larunbatean izango da, 19:00etan, Lekuona Fabrikan.

Aurkezpenean, Achucarrok adierazi du orain arte Errenterian egin den jaialdirik garrantzitsuena dela. Cadizeko Inauteriek dituzten bost modalitateetatik bakarra faltako litzateke aurten, konpartsa, txirigota, laukotea eta erromantzea etorriko baitira, beraz, koroa besterik ez da faltako. “Orain arte ekarri dugun talde kopururik handiena da, izan ere, 52 kide datoz. Gainera, datozen taldeak oso maila onekoak dira”.

Sarrerak agortuta

Sarrerak duela bi hilabete jarri ziren salgai eta hilabete batean 450 sarrerak agortu ziren.

Horrek beste aukera bat bilatzera bultzatu zituen antolatzaileak, ea hurbileko beste hiri batek emanaldiaz goza zezakeen. Horrela, hilaren 14an, ostirala, Hondarribian eskainiko dute emanaldia. Hitzordu horretarako sarrerak azkar saltzen ari badira ere, oraindik eros daitezke.

“Horrek esan nahi du Cadizeko inauteriak intentsitate handiz bizi direla inguruan, jarraitzaile asko dituela” adierazi du jaialdiaren arduradunak.

Euskarazko letrak

Berritasun gisa, aurten hainbat taldetako letren aukeraketa egin da, euskarara itzuli dira eta liburuxka batean jaso dira.

Taldeek Errenteriako kaleak alaituko dituzte igande goizean

Igande goizean, 13:00etatik 14:30era, taldeek Errenteriako erdiguneko kaleak alaituko dituzte, eta, beraz, herritar guztiek Cadizeko inauterien zati batez gozatu ahal izango dute.