Aurten banakako kirolariak ere omenduko dituzte Kirolaren Galan

  • Galan parte hartu nahi duten Errenteriako banakako kirolariei eskaera helarazteko eskatu die Udalak, eskuratutako lorpenekin batera

Abenduaren 19an, 19:00etan, Errenteriako Kirolaren XI. Gala ospatuko dute, Lekuona Fabrikan.

Azken bi urteetan ezin izan da Gala egin pandemia dela eta, eta aurten, Errenteriako klub guztiekin ez ezik, lorpen nabarmenak dituzten 16 urtetik gorako banakako kirolariekin ere ospatu nahi du Udalak.

Klubei eta elkarteei eskerrak emateaz gain, eta oholtzara banaka edo diziplinaka igotzera gonbidatzeaz gain, merezitako omenaldia jaso dezaten eta dituzten helburuak eta abar adieraz ditzaten, azken urteotan emaitza garrantzitsuak lortu dituzten banakako diziplinetako kirolariak omentzeko unea ere izango da.

Ekitaldia aurrera eraman ahal izateko, galan parte hartu nahi duten Errenteriako banakako kirolariei eskaera helarazteko eskatu die Udalak, eskuratutako lorpenekin batera, kirolak@errenteria.eus helbide elektronikora.