Errenteriako Merkatuaren logo berria eramango du Touring-en urteurrena ospatzeko diseinatu den ekipazio bereziak

Gaur aurkeztu dute Touringeko jokalariek jantziko duten kamiseta berria, klubaren mendeurrena ospatzeko diseinatua eta Errenteriako Merkatuaren logo berria daramana. Aurkezpenean merkatuko, kirol elkarteko eta Udaleko ordezkariek parte hartu dute.

Touring elkartearen 100. urteurrena dela eta, elkarlan estua ari da garatzen Udalaren eta kirol-elkartearen artean. Elkarlan horren erakusle, 2022 urtean Touring elkarteak Udalaren aldetik jaso duen 40.000 euroko dirulaguntza berezia, urteurrenaren ospakizuna osatuko duten ekimenak laguntzera bideratuta dagoena.

Dirulaguntzarekin lagunduko diren ekimenen artean dago, hain juxtu, gaur aurkeztu duten 100. urteurrenerako ekipazio berezia.

Herriaren ikur den Touring-ek ekipazio berria eta berezia edukitzea, aukera paregabea iruditu zaio Udalari, herriaren beste ikur eta tokiko garapenaren motore garrantzitsua den Errenteriako Merkatuaren logoak bertan tokia izan dezan. Horregatik, ekimenaren babesle gisa, Udalaren logoa joan beharko lukeen tokian, Udalak proposatu du Errenteriako Merkatuaren logoa joatea.

Izan ere, Merkatua herriko eragile esanguratsua da, herriko dinamismoaren eta tokiko garapenaren eragile, eta leku garrantzitsua du Udala sustatzen ari den tokiko garapeneko estrategian ere. Modu honetan, merkatuak logotipo berria duela eta Touring-ek inoiz baino ikusgarritasun handiagoa izango duela baliatu nahi izan dute.

Horrela, klubeko kategoria guztiek merkatuko logoa duen kamiseta berria jantziko dute urtarriletik aurrera.

Urteurrenak irauten duen bitartean Udalaren eta Touring elkartearen arteko elkarlanak estua izaten jarraituko du, Merkatuak ikusgarritasun handiagoa izan dezan.