‘Zaharrak berri’ kontzertuak musikaz ziprinduko du Gabierrotako egoitza

 

Errenteriako Musika Kultur Elkarteak antolatuta, 10 urte baino gehiagoko ibilbidea duen “Zaharrak Berri” zikloa Gabierrotako Jesusen Bihotza Egoitzara itzuliko da, formatu txikiko musika proposamen batekin. Hitzordua larunbat honetan izango da, otsailak 25ean, arratsaldeko 17:00etan.

Aurtengo edizioan, “Zaharrak Berri”-k hiru talentu gazte ekarriko ditu formatu txikian, egoiliarrei eta haien senideei bereziki eskainitako kontzertu programarekin. “Zaharrak Berri” zikloaren helburua hasieratik izan da egoitza musikaz eta alaitasunez gainezka egitea. Musika bidai zoragarria eskainiko dute Sorozabal, Shubert, Chapí, FranÇois Gounod edota Moreno Torroba musikagile handien konposizioetan zehar.

Eszenatokian, Saioa Goñi Maiza sopranoa, Luken Munguira Santos tenorra eta Sofía Chacón Chmelikova pianojolea izango dira. Hiru musikari gaztek gidatuko dute bidai musikal hau opera eta zarzuela bezalako generoak euskal kantutegiarekin tartekatuz.

Kontzertura bertaratzea librea izango da edukiera bete arte. Ekitaldia adinekoen zentroan ospatuko denez, gogorarazi nahi da bertaratuentzat muxukoa erabiltzea derrigorrezkoa izango dela.