Hiri-igogailuen zerbitzuaren ordutegia zabaltzeak erabilera handitzea erraztu egin du

Hiri-igogailuek garrantzia handia dute herrian. Horren erakusgarri da asko erabiltzen direla, batez beste 3.000.000 bidaia egiten dira urtean, igogailu guztien artean.

2021ean 3.156.368 bidaia kontabilizatu ziren, eta 2022an 3.326.315 bidaia egin ziren. Igoera garrantzitsua da, are gehiago kontuan hartuta Touring etorbideko igogailua hilabete batzuetan geldirik egon zela igogailua berritzeko obrengatik.

Igogailuen erabileraren igoeraren zati handi bat 2022ko urritik abendura bitartean izan da. Hilabete horietan, aurreko urteko aldi berean baino 100.000 bidaia gehiago egin ziren (%12,74ko igoera).

Erabileraren handitze hori bat etorri da hiriko igogailuen ordutegi berriarekin (goizeko 06:00etatik goizeko 1:00ak arte, asteko egun guztietan).

Nabarmentzekoa da bandalismoa ez dela handitu zerbitzuaren ordutegia zabaltzearekin batera, neurri handi batean, herritarrek ondasun publiko horiek zaintzeko kontzientzia dutelako, eta, bestalde, Udaltzaingoarekin konektatuta dauden grabazio-kameren bidezko kontrolarengatik.

Udalak argi eta garbi jarraitzen du garraiobide horren alde, eta aurtengo udaberrian 15 izango dira errenteriarron mugikortasuna errazten duten hiri-igogailuak.

Gaur egun martxan dauden 13 igogailuei Beraun auzoko bi igogailu gehitu behar zaizkie. Izan ere, 500.000 euro inguruko kostuarekin, bi igogailu egiten ari dira Maurice Ravel, Aita Donostia eta Juan Crisostomo Arriaga kaleak lotuko dituztenak.

Halaber, aurreikusita dago Gaztañoko igogailu berriaren obrak aurten hastea.