San Marko gotorlekua zabalik egongo da ostegunetik aurrera

San Marko gotorlekuak ateak zabalduko ditu Aste Santuan, apirilaren 6tik hasita 10a bitarte, eta aurrerantzeko asteburu guztietan urriaren erdialdera arte. Goizean, 10:00etatik 14:00etara egongo da irekita, eta arratsaldez ordea, 16:00etatik 18:00ak bitarte. Gainera, gotorlekua eta bere ingurunea ikuspegi globalago batetik aztertuko dituen bisita gidatu berriak jarriko dira martxan.

Gotorlekura bisita gidatuak ere abian dira

Errenteriako Udalak hainbat zerbitzu eskaintzen ditu San Markoko espazio ludiko-kulturalean. Alde batetik, gotorlekua eta haren ingurunea esploratzera gonbidatzen duen bisita gidatua jarri du martxan, ez ikuspegi militar batetik, orain arte egin den bezala, baizik eta ikuspegi globalago batetik, bailararen historia eta haren bilakaera hartuz, gaur egungo populazioaren izaera osatu arte. Bestetik, familia-giroko bertsioa sortu du, eta honetan, familian aisialdia bilatuz, haurrei ematen zaie protagonismoa.

Bisita gidatuak bi hizkuntzetan ikusteko aukera izango dute herritarrek ondorengo txandatan:

    • 11:00etan publiko helduari zuzenduta euskeraz.
    • 12:00etan publiko familiarrari zuzenduta euskeraz.
    • 13:00etan publiko helduari zuzenduta gazteleraz.
    • 16:00etan publiko helduari zuzenduta euskeraz.
    • 17:00etan publiko helduari zuzenduta gazteleraz.

Bisita gidatu guztientzako, aurretik deitu eta izena ematea beharrezkoa da turismoa@errenteria.eus helbidera idatziz edo 943 449 638 zenbakira deituz.

Aizpitarte bidegurutzean erakusketa ikusgai baita ere

Aizpitarteko kobazuloak Paleolitoa aztertzeko erreferente berri bihurtu dituzten azken aurkikuntzak ezagutzera emateko asmoz, apirilaren 6an, Aizpitarte bidegurutzean izeneko erakusketa zabalduko da San Marko gotorlekuan bertan.

Gune berri honek Aizpitarteko kobazuloak barrutik nolakoak diren ezagutzeko aukera emango du, Sailkatutako Kultura Ondasun gisa kalifikatuta daudenak eta ikusleentzat itxita daudenak, aurkitutako labar pinturak eta grabatuak babesteko.

Erakusketa publiko guztietan pentsatuz diseinatu da eta informazio-panelak, bideoak, jolasak eta eskulanak konbinatzen ditu.

Erakusketa honek hainbat eragileren lankidetzari esker zabalduko ditu ateak: Errenteriako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Oarsoaldea garapen agentzia eta Aizpitarte talde espeleologiko elkartea. Era berean, herriko artisauen laguntza paregabea izan da, erakusketa, jolasak eta eskulanak diseinatzen, apaintzen eta muntatzen lagundu baitute.

Esposizioa gotorlekua irekita dagoen ordutegian egongo da ikusgai.