Errenterian egingo da CIMASUBen 10. edizioa, Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa

Argazkian: Jose Manuel Ferradas, Ingurumen zinegotzia, eta David Sanchez, Cimasub zikloaren zuzendaria

CIMASUB, Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloa, Niessen Kulturgunera iritsiko da bere 10. edizioan. Maiatzaren 2an, 4an eta 9an, 19:00etan, sarrera doan dela, planeta osoko itsaspeko argazki- eta bideo-lan onenez gozatzeko aukera izango da. Lan horiek ozeanoen edertasuna eta degradazioa erakusten laguntzen dute, gizakiok bizitza osorako bizi-ingurune baten gainean egiten dugun presioa bereziki azpimarratuz.

‘Orain edo inoiz ez’ esloganarekin, dei egiten digute berehalako ekintzari bide eman diezaiogun gure pentsamoldea eta ohiturak aldatzeko. Gure ozeanoen egoera erreala ezagutarazteko helburuarekin eta hondaleak izkutatzen dituen altxorrak ahaztu gabe, hauek kaltetzen dituzten arazoak azaleratu nahi dira.

Ekimena Subacuáticas Real Sociedad Elkarteak antolatu du, Errenteriako Udalaren babesarekin. Zikloaren helburua urpeko mundua ezagutaraztea da, eta gure itsaso eta ozeanoen errespetuan eta zaintzan kontzientziatzea, ikus-entzunezko lanak zabalduz.

Itsaspeko zinema-emanaldiak

Proiekzioak Niessen Kulturgunean izango dira, doan, maiatzaren 2an, 4an eta 9an, 19:00etan. Guztira 26 film labur eta 4 dokumental eskainiko dira, ikusleak planeta osoko itsaspeko paradisuetara eramango dituztenak eta gure itsasoei eragiten ari gatzaizkien sufrimenduaren gogortasuna erakutsiko dutenak.

Itsaspeko Txikizikloa ikastetxeentzat

Itsaspeko Txikizikloa duela hamar urte sortu zen, haurrek itsasoa eta itsaspeko mundu liluragarri eta zoragarria ezagut dezaten, eta hura maitatuz eta errespetatuz haz daitezen. Gero eta ikastetxe gehiagotara iristen da, eta iaz 2.000 ikaslek baino gehiagok parte hartu zuten. “Hedapena eta hezkuntza dira ozeanoak salbatzeko eta gure espeziearen biziraupena bermatzeko tresnarik onenak”.

Ekimena Errenterian izango da, hilaren 2an, asteartearekin, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako 10 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta.

Parte hartzen duten ikastetxeei aurretik gelan lantzeko material didaktikoa eman zaie, ikus-entzunezko material osagarriarekin zein jarduera eta orientazio metodologikoekin batera.

Argazki erakusketa

Maiatzaren 14a arte, astelehenetik larunbatera, 17:00etatik 20:00etara, zabalik dago Xenpelar Etxean aurtengo CIMASUBera aurkeztutako argazki onenen erakusketa.

Erakusketan ikusgai dauden urpeko 24 argazkiek munduko itsaspeko hondoetan zehar eramango dituzte bisitariak, eta espezie bitxi eta deigarrienak erakusten dituzte, gutxitan ikusten diren egoeretan. Naturaren edertasuna eta gizakiak harekiko duen jarrera krudela, erakusketa berean.

Informazio gehiago www.cimasub.com webgunean dago eskuragarri.