Energiaren inguruan egindako lanketa aurkeztu diote Eskolako Agenda 2030 programako ikasleek alkateari

Herriko ikastetxe guztietako ikasle ordezkariek Aizpea Otaegi alkateari helarazi dizkiote aurten egindako lanak Udaletxean burututako bileran. Aztertutako gaia, 7. Garapen Jasangarrirako Helburua izan da (Energia eskuragarri eta ez-kutsatzailea) eta aurtengo leloa: ‘Energia, bizitzaren motorra’.

Bertsoak abestuz hasi dute aurtengo udalbatza eta ondoren, energiaren bueltan egindako lanketa azaldu dute: ikastetxeetako argiak eta berogailuak aztertu, etxean ditugun gailu elektriko eta elektronikoetan erreparatu, herriko argiteria zein egoeran dagoen jabetu, energia berriztagarriek duten presentzia eta gaiari lotutako hainbat arazo ere aztertu dituzten, hala nola, energia pobrezia.

Ikasleek atera duten oinarrizko ondorioa izan da energia asko kontsumitzen dugula. Askotan gehiegi, alferrik gastatzen delako. Eta hainbat konpromiso hartu dituzte, energia-kontsumoa murrizte aldera. Hala nola, berogailua jarri aurretik arropa gehiago janztea, argitasun naturala aprobetxatzea eta argiak soilik behar direnean piztea, arretaz erabiltzea gailu elektronikoak edota gertu dauden lekuetara oinez edo garraio publikoan joatea.

Herriko diagnostikoa burutzean egindako ikerketen ondorioz, udal ordezkariei zuzendutako proposamena aurkeztu dizkiete udal foroan. Horietako batzuk, herriko argiteriaren ingurukoak izan dira, beste batzuk energia berriztagarrien presentzia handitzeko eskaerak, herritarren artean sentsibilizazio kanpainen beharra eta mugikortasun jasangarriaren aldekoak.

Datorren ikasturtean, esku-hartze planari ekingo diote, herrian energiarekin zerikusia duten hainbat ekintza gauzatuz. Une honetan, bi proposamen dituzte: eskolara oinez joateko aukera aztertzea eta herriko gune ilunetara argitasuna eramatea.

Alkateak, egindako lan guztia goraipatuz, eskerrak eman dizkie. Hainbat proposamen Udalak dagoeneko burutzen dituela baina beste batzuk kontuan izango dituela adierazi du eta den Jose Manuel Ferradas Ingurumen zinegotziarekin batera, ikasleak agurtu zituzten esanez erantzun landuagoa jasoko dutela udazkenean egin ohi den udal foroan.