Herritarrak eta eragileak izango ditu lagun Touring KE-k mendeurreneko urtebetetze festan

Touring K.Ek 100 urte beteko ditu bihar, ekainak 22an, eta hori ospatzeko bihar eta larunbatean hainbat ekintza antolatu ditu herritar guztientzat. Herriko eragile ugarik parte hartu dute programa prestatzen, eta, horregatik, Asier Yerobi elkarteko presidentea eskerrak eman dizkie. Era berean, egunotako ekitaldietan parte hartzera gonbidatu ditu herritar guztiak. Izan ere, adierazi du, “gure ustez, Touring Errenteriarena da, herriarena, eta herritar guztiak animatzen ditugu maitasun handiz eta luzaroan prestatu dugun programaz gozatzera”.

Ekainaren 22ko programazioa

Bihar, 19:00etan, klubeko bi zapi eskegiko dituzte Udaletxean, eta, ondoren, Deiadar Txarangak erdialdeko kaleak alaituko ditu, Herriko plazatik hasita. Besteak beste, Touring K.E.ren ereserki berria joko dute. Iluntzean Udaletxea argiztatuko da klubaren koloreekin.

Ekainaren 24ko programazioa

Ospakizunak indartsu jarraituko du larunbatean egun osoan zehar:

• 10:30ean, Fanderia futbol zelaitik abiatuta, Ereintzako Txistulari Taldearen kalejira herriko kaleetan zehar.

• 10:30ean, Touringeko emakume beteranoen futbol partida Fanderiako futbol zelaian.

• 10:30etik aurrera, haurrentzako puzgarriak eta jolasak, Fanderiako kautxozko futbol zelaian.

• 12:00etan Herriko plazatik abiatuta, Xanti eta Maialen, buruhandien konpartsa eta Deiadar Txarangarekin kalejira, Fanderia futbol zelaira bidean.

• 12:00etan Touringeko gizonezko beteranoen futbol partida Fanderiako futbol zelaian.

• Partidaren amaieran, kalejira Herriko plazaraino, Xanti eta Maialen, buruhandien konpartsa eta Deiadar Txarangarekin.

• 14:30ean. Herri bazkaria, Koldo Mitxelena Ikastetxean.

• 18:30ean. Rock-a Kalean. “Pirata” eta konpainiaren eskutik, herriko kaleak rock musikaz beteko dira.

• 22:30ean, Herriko plazan, kontzertu herrikoia: ‘Touring KE 100 Urteurrena 1923-2023’. Errenteriako Musika Banda, Xanti eta Maialen erraldoiak, Andra Mari Abesbatza, Landarbaso Abesbatza, Garrintzi Abesbatza, Telleri Abesbatza eta Ereintza Dantza Taldearen partaidetzarekin.