Eraso matxistarik gabeko Madalenen alde, Udalak ostalari eta Jai Batzordeko kideei formakuntza saioetan parte hartzeko deia egin die

Aurten ere, Ez bazaude eroso, erasoa da lelopean eta herritar orok jaien testuingurua erabateko askatasunean bizitzeko aukera izateko helburu irmoa izanik, indarkeria matxistarik gabeko jaien aldarria egingo du Errenteriako Udalak.

Horretarako, eraso sexista eta LGTBIfobikorik gabeko Madalenak izateko, jaiak osatzen dituzten agente guztien parte-hartzea eta konpromisoa funtsezkoa dela iritzita, eremu publikoan eta, zehazki, aisialdi eta jaietako testuinguruan gertatzen diren indarkeria matxistei buruzko formakuntza saioak antolatu ditu Udalak.

Udalak Errenteriako ostalariak eta Jai Batzordeko kideak gonbidatzen ditu saio hauetan parte hartzera. Bertan, herritarrak indarkeria matxisten inguruan sentsibilizatzeaz gain, eraso horiek prebenitzeko eta aurre egiteko informazioa eta tresnak eskainiko dira. Honekin batera, mugimendu feministak eraso baten aurrean erantzun publikoa artikulatzeko duen protokoloa zein Udalak martxan jarritako kanpaina eta aktibatutako baliabideak aurkeztuko dira.

Ahalik eta eragile eta norbanako gehienen parte-hartzea bermatzeko, hainbat saio antolatu dira.

Jai batzordeko kideek ekainaren 27an, 18:30etik 20:30era izango dute bertaratzeko aukera. Ostalariek, aldiz, hurrengo bi saioen artean aukeratu ahal izango dute:

• Ekainaren 27an, 16:00etatik 18:00etara (euskaraz).

• Uztailaren 4an, 16:00etatik 18:00etara (gaztelaniaz).

Saio guztiak Errenteriako Emakumeen Etxean izango dira.

Azkenik, saioetara bertaratzeko, esteka honen bitartez izena eman beharko da.