Atlantikaldiaren lelotik abiatuta, `Bitakora´, irudimena eta ipuinak landu dituzte Errenteriako ikasleek

  • Errenteriako LH3ko ikasleek ipuinen sorkuntza landu dute Aintzane Usandizaga eta Garazi Urkolarekin. Giro pertsonaiarekin batera, irudimena martxan jarri dute.
  • Atlantikaldian zehar, klasean egin duten lan guztia ikusi ahal izango da, goizez zein arratsaldez.

Aurtengo Atlantikaldiaren `Bitakora´ lelotik abiatuta, Errenteriako ikasleek ipuinen sorkuntza landu dute Aintzane Usandizaga eta Garazi Urkolarekin batera. Giroren bidez, ikasle bakoitzak bere ingurunea, bizilekua, tradizioa eta abar arakatu ditu, eta pertsonaiak Errenteriako benetako lekuak fantasiazko beste auzo paralelo batzuekin nahastea lortu du.

Azken hilabeteotan gelaz gela ibili dira Aintzane Usandizaga eta Dantzertin ikasi duen Garazi Urkola aktorea. Giro pertsonaia asmatu eta bere bitakora idazten aritu dira Errenteriako ikasleekin. Azken hauen bizipenetan dauden istorioak, lekuak eta pertsonaiak abiapuntu hartuta, irudimena lantzea izan da helburu nagusietako bat eta horren harira, aniztasun handiko kontakizunak asmatzea.

Ikasleek modu askean sortu dute eta lanketa hauetan sortutako guztia bitakora bakar batean bildu da, aipatu bezala, anitza den kontakizun zabal batean. Gela guztietan bildutako elementuak nahasi eta ipuin bat sortu dute denen artean. Ikasleen bizipenak kontuan hartuta, eta euren irudimena martxan jarrita, Girok bidai bat egin du Errenterian ezagunak diren eta tartean topatu dituen auzo paralelo fantastikoetatik. Horietan guztietan istoria desberdinak bizi izan ditu, ikasleek idatzitakoak guztiak.

Bitakoran idatzitako guztia Atlantikaldian ikusteko aukera egongo da. Ikasleek sortutako pertsonaiak, lekuak eta pasarteak ipuin kontaketa dramatizatu baten bidez eskainiko dute jaialdian zehar: goizean beste ikasle batzuentzat, eta arratsaldean publiko orokorrarentzat.