Gurutze gorria eta Juneren Hegoak elkarteek bihar jasoko dute ohorezko oroigarria

Bihar, hilak 20, Udalak ohorezko oroigarria emango die eta omenaldi xume bat eskaini, Madalenetako omenduei: Gurutze gorria eta Juneren Hegoak elkarteei. Ekitaldiari 18:30ean emango diote hasiera Niessen Kulturgunean.

Modu horretan, Gurutze Gorriak herritar zaurgarrien eta beharrean daudenen alde eta Juneren Hegoak gaixotasun, heriotza edo dolu esperientzia bizitzen ari diren familien alboan egon eta orientabidea emateko egiten duten lana aitortuko du Udalak. Era berean eta omenaldi honetaz gain, eurak izango dira 2023ko Madalenei hasiera emango dien suziria jaurtiko dutenak.

Ekitaldi honetan bertan, Madalenetako kartel lehiaketa ofizialaren irabazlea izan den Cristobal Aguiló Dominguezi eta aurten lehen aldiz gaineratu den haurren kategoriako irabazleari, Joanes Arrietari, ere emango diete saria.

Ekitaldia irekia da eta Udalak dei egiten die hala nahi dutenei, bertara gerturatu eta omenaldi honetara batzeko.