2023ko Madalenen inguruko Gobernu Taldearen lehen balorazioa

Errenteriako udal gobernuak honako madalen jaien hasierako balorazioa egiteko testua hau plazaratu du:

Oraindik balorazio zehatza egiteko astirik gabe ere, Gobernu Taldearen izenean, eskerrak eman nahi dizkizuegu, beste behin ere, Madalenak aurrera ateratzeko ahalegina eta konpromisoa erakutsi duzuen Jai Batzordeari eta jaien antolaketan parte hartu duzuen elkarte, eragile eta pertsona guztiei.
Zuen hilabeteetako ahalegin eta inplikaziorik gabe Madalenak ez lirateke izango diren bezalakoak. Madalenek eskaintzen duten gozamenerako aukera ez litzateke hain osatua eta askotarikoa izango. Horregatik, lehen hitzak baliatu nahi ditugu lan hori guztia aitortu eta eskertzeko: zorionak eta mila esker denoi.
Lerro hauen bitartez Udaleko departamentu guztiak ere zoriondu nahi ditugu (hiri-mantentzea, kultura, udaltzaingoa, hirigintza, garbiketa-zerbitzuak, komunikazioa, etab.), bereziki, jai-egunetan lan egin behar izan duten langileei, dena ongi joan zedin erakutsi duten prestutasun, azkartasun eta eraginkortasunarengatik.
Ezin ditugu aipatu gabe utzi aurtengo Madalenetako omenduak, Errenteriako Gurutze Gorria eta Juneren Hegoak elkarteak; mila esker urte luzez herri hobea izan gaitezen egin duzuen lan eskergarengatik. Harrotasunez omendu zaituztegu eta luxua izan da Madalen-jai hauetan zuen alboan egotea eta Madalen-jaien erdigunean zuen herri honekiko konpromisoa jartzea.
Eta, azkenik, zorionak jaiaren parte izan diren herritarrei: zuek zarete Madalenen muina. Egun hauetan bizi izan dugun giroaren eragile eta protagonista nagusiak.
Egitarau zabala izan dugu aurten ere; 130 ekintzatik gora antolatu dira, herritar eta bisitari guztien gozagarri: erakusketak, antzerkia, kirol jarduerak, danborradak, dantza, lehiaketa eta dastaketa gastronomikoak… Askotariko ekintzak, beraz, eguneko zein gaueko programa osatzeko. Horietatik guztietatik 50 inguru izan dira musika emanaldiak, publiko eta gustu ezberdinei zuzenduta.
Txupinaren jaurtiketa izaten da Madalenetako une berezienetako bat. Eta, aurten ere, txupinazoa bizitzeko aukera desberdinez gozatu dugu. Herriko enparantzakoaz gainera, Mila koloreko txupinazo txikia, Holi txupinazoa eta pantaila erraldoiaren bidez txupinazoaz Zumardian gozatzeko aukera ere izan baitugu. Era berean, etxetik edo munduko beste edozein lekutik txupinaren jaurtiketa streaming bidez ikusteko aukera eskaini dugu, zuzenean, Herri Bizia webgunean. Asmoa izan da, geunden tokian geundela, horren berezia den uneaz ahalik eta modu zabalenean gozatzea.
Jaiak gero eta inklusiboagoak izan daitezen bestelako neurriak ere hartu ditugu: barrakek musikarik eta bestelako soinu altu eta sarkorrik gabe funtzionatzeko egunak jarri dira aurten lehendabizikoz martxan, autismoa zein entzumen-hipersentikortasuna duten haurrek ere hauetaz goza dezaten.
Finean, asko eta askotarikoak izan dira guztioi zuzendutako programak jasotakoak. Horien guztien lekuko diren argazkiak dagoeneko ikusgai ditugu ondorengo estekan, ikusi edo, hala nahi izanez gero, deskargatzeko:
https://lainoa.errenteria.eus/s/oaSHRFL3jQMsKKk
Oro har, jai-giroa ederra izan da eta eguraldia ere, lagun izan dugu unerik gehientsuenetan. Baina izan dira kopeta ilundu diguten jokabideak ere. Izan dira lapurreta txikiak, osasun zerbitzuen arreta behar izan duten ondoez eta istripuak… baina, horien gainetik, izan ditugu, emakumeek jaiez gozatzeko dugun eskubidea urratu duten jokabideak.
Jaien aurretik udal-korporazioa osatzen genuen alderdi guztiok adierazi genuen ez genuela emakumeak jai-giroan deseroso sentiaraziko zituzten jokabideak onartuko. Eta, ‘Ez bazaude eroso, erasoa da’ lelopean, indarkeria matxistarik gabeko jaien alde hainbat neurri ere hartu genituen.
Jaien testuinguruan, emakumeen 24 orduko telefono zerbitzua, profesionala, doakoa eta erabat konfidentziala izan dugu martxan, erasoren bat gertatuz gero, emakumeek erabil zezaketena. Jai-egunetan ez dugu telefono horretan deirik jaso, baina nabarmendu nahi genuke telefono zenbaki hori aktibo egongo dela uztailaren 31ra arte, jakin badakigulako, batzuetan denbora behar izaten dela erasoaz jabetzeko edota erasoari buruz hitz egin ahal izateko.
Zerbitzu honen bidez, informazioa, orientazioa eta laguntza psikologikoa eskaintzeaz gain, jaietan jazotako askotariko erasoen erregistroa egingo da, eta beraz, uztailaren 31tik aurrera izango dugu Madalenetan izan diren gertaeren argazki osatuagoa.
24 orduko telefonoz gain, indarkeria matxisten inguruko sentsibilizaziorako eta prebentziorako gunea, puntu morea, ere izan dugu, Foru Plazan jarritako bulego ibiltarian.
Jai-giroan emakumeek bizi dugun errealitateaz jabearazten eta horiei buruz modu irekian hitz egiten laguntzeko baliabideak dira biak ere eta ikusi dugu, aurtengo jaietan ere, horien beharra dugula. Izan ere, egunotan ikusi dugu nola salatu edota jakinarazi diren emakumeenganako jazarpen-kasuak, baita sexu-askatasunaren aurkakoak diren ikutuak ere.
Horiek salatu edo jakinarazi dituzten emakumeen adorea txalotu nahi dugu, baita horien salatzeko mugimendu feministak deituta uztailaren 24an egin zen elkarretaratzean herritarrek erakutsitako gaitzespena ere.
Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu herritar guztiei, jaiek suposatzen duten egunerokoaren askotariko alterazioekin pazientzia izan dutelako. Izan ere, jakin badakigu, jaiek zarata, usain txarra, trafiko-moldaketak edota zikinkeria pilatzea ekartzen dituztela.
Jaiak egun bereziak direla ulertzeagatik, eskerrak herritar guztiei. Jaietan herritarrei eragindako kalteak gero eta txikiagoak izan daitezen lanean jarriatuko dugu.
Jarrai dezaegun, beraz, Madalenek guztiontzat gozagarriak izan daitezen lanean.
Eta, gora Madalenak!