Bonuen kanpaina berrira atxikitzera deitu ditu Udalak herriko merkatari, ostalari eta zerbitzu emaileak

Udalak dei egiten die herriko merkatari, ostalari eta zerbitzu-emaileei izena ematera bono-kanpaina berrian parte hartzeko. Kanpaina irailean hasiko da eta 18 eta 35 urte bitarteko pertsonei zuzenduta egongo da, gazteen kontsumo-ohituretan eragiteko, tokiko kontsumoa sustatuz.

Atxiki daitezkeenak dira, bonuen bidez ondasun edo zerbitzuak erosteko aukera ematen duten Errenteriako merkataritza, zerbitzu, ostalaritza, eta jatetxeetako txikizkako establezimendu guztiak. Deialditik kanpo gelditzen dira, beraz, firma handien, eta estatuan edo nazioartean ezarpen handia duten enpresa filialak, baita azalera handiak ere —400 metro koadro baino gehiagokoak—.

Nola atxiki

Interesdunek esteka honetan aurkituko duten formularioa bete eta entregatu beharko dute. Modu telematikoan entregatu ahal izango dute Udalaren egoitza elektronikoan. Fisikoki, berriz, Errenkoalderen bulegoan egin ahal izango dute. Azkenik, Udalak ere jasoko ditu ZU! arreta zerbitzuan. Aurreko kanpainetan parte hartu dutenek berriro eman beharko dute izena.

Bonuen kudeaketa Bizi Errenteria esku telefonoetarako aplikazioaren bidez egingo da, iaz bezala.

Atxikitu ondoren, aplikaziorako sarrera edukiko dute establezimenduek, euren izena Bizi Errenteria web orrian argitaratuko du Udalak eta bonu kanpainaren publizitate materiala jasoko dute.

Edozein zalantza argitzeko telefono zenbaki hauetara dei daiteke: 010 eta 943 449 600.