5 ‘Itsas Elkarrizketa’ Atlantikaldian, nazioarteko eta bertako sortzaileak elkarlanean jartzeko

  • Bea eta Idoia Asurmendi, Kimu Txalaparta, Olaia Inziarte, Iban Nikolai, eta Dupla
    eta Hekthorfolk izango dira aurten nazioarteko artistekin kolaboratzera
    Errenteriako oholtzetara igoko diren euskal artistak.
  • Irailaren 14tik 17ra egingo da aurten Atlantikaldia. Jaialdiaren 10. edizioa izango
    da, eta ‘Bitakora’ lelopean egingo da.

Itsas Elkarrizketak ekimenaren bidez nazioarteko eta bertako sortzaileak taula gainean elkarrekin sortzera gonbidatzen ditu Atlantikaldiak. Aurtengoan, Fémina eta Bea eta Idoia Asurmendi; Aywa eta Kimu Txalaparta; Nidia Gongora eta Olaia Inziarte; Bia Ferreira eta Iban Nikolai; eta Rodrigo Cuevas eta Dupla eta Hekthorfolk ariko dira musika instrumentu eta mikrofonoen atzean. Irailaren 14tik 17ra egingo da aurten Atlantikaldia jaialdiaren 10. edizioa, ‘Bitakora’ lelopean.

Arte diziplina ezberdinen bidez, Errenteria munduko kulturen arteko elkarrizketez betetzen duen musika jaialdia eta kultur topaketa da Atlantikaldia. Eta hari horri tiraka antolatzen dira urtero, baita ere, emanaldiok. Jatorri anitzetako sortzaileak harremanetan jartzea du xede ekimen honek, inoiz batera taularatu gabeko emanaldiak lehenengoz Atlantikaldiako publikoari eskainiz. Elkarlan hauek jaialdiaren bereizgarri nagusienetako bat bilakatu dira.

Atlantikaldia kultur topagune eta musika jaialdia 2014. urtean sortu zen hiru ardatz nagusiren gainean: Errenteriaren itsas memoria berreskuratzea, herria mundura begira jartzea eta mundua herrira begira jartzea. Horrela, kulturen arteko elkartrukeak sustatzen dira herriko zein kanpoko eragileen arteko elkarlana bultzatzeko xedez. Gainera, kanpoko artistek bertako artistekin batera ikuskizun berezi eta errepikaezinak lantzen dituzte.

Besteak beste Itsas Elkarrizketen bidez landuko da kulturen arteko trukea.
Atlantikaldiako egitarau zabaleko atal honek bost ekitaldi hartuko ditu bere barne denera, guztiak, Itsasargi Nagusian (Agirre Lehendakariaren Plazan kokatutako eszenatokian).

Egunez egun

Bi ahizpa argentinar eta bi ahizpa euskaldun elkartuko dira lehen egunean: Fémina eta Bea eta Idoia Asurmendik hasiko dute kontzertu sorta, irailaren 14an, osteguna. Argentinatik bertaratuta Gipuzkoara, Sofía Trucco eta Clara Truccok osatutako bikoa da Fémina. Hip hop eta folk musika uztartzen dituzte, eta ‘Perlas y conchas’ (2019) lanean Iggy Pop musikari ezagunarekin kolaborazioa egin zuten. Nazioarteko jaialdi ugaritan parte hartu dute.

Bea eta Idoia Asurmendi ahizpekin egingo dute bat taula gainean. Banaka zein
elkarrekin aritzen dira Asurmenditarrak. Idoiak 2021ean plazaratu zuen lehen lana, ‘Ilun eta abar’, eta Bea Londresen ari da grabatzen debut albuma izango duena.

Hurrengo egunean, irailaren 15ean, Aywa eta Kimu Txalaparta eta Nidia Góngora eta Olaia Inziartek egingo dute emanaldia. Aywa eta Kimu Txalapartak musika tradizionalarekin egiten dute lan. Euskaldunek, txalaparta erabilita, Aywa taldeko kideek, Afrika iparraldeko soinuak rock eta jazz musikarekin uztartuz.

Nidia Góngora bestetik, Kolonbiako Ozeano Bareko abeslaririk ezagunena da, Shock Saria irabazi du eta Grammy Latino sarirako izendatu zuten 2019ko folklore-disko onenaren atalean, Canalón de Timbiquí lanarekin. Proiektu berrian, Nidia Góngora beste lau emakumek osatutako taldearekin batera oholtzaratuko da.

Olaia Inziarte musikari nafarra da. Egun, bere bakarkako bidea lantzen ari da, LLB proiektuari hasiera emanik. Iker Lauroba eta Chicasobresaltorekin batera ere aritzen da besteak beste, teklatu eta koroetan.

Asteburuko elkarrizketak

Larunbatean, hilak 16, elkarrizketan ariko dira, batetik, Bia Ferreira eta Iban Nikolai. Bia Ferreira multi-instrumentista, abeslaria, konpositorea, moldatzailea, musika ekoizlea eta aktibista da. Minas Geraisen (Brasil) jaio zen eta bere artea MMP gisa kontzeptualizatzen du: Música de Mulher Preta (Emakume Beltzaren Musika).

Iban Nikolaik, bestalde, 25 urte daramatza didgeridua jotzen eta irakasten. Australian trebatua, aborigenekin eta didgeridooaren eszenako profesional nabarmenekin ikasia, didyeridu irakaslea eta interpretea da 1997tik.

Rodrigo Cuevas, Dupla eta Hekthorfolk ere jaialdiko larunbatean igoko dira taula
gainera. Estatuko musika alternatiboaren figura nagusienetako bat da Cuevas. Eduardo Cabraren (Calle 13) ekoizpenpean Atlantikoaren bi ertzetan sukaldatutako estudioko hirugarren albuma aurkezteko biraren parte da Atlantikaldiako kontzertua. Bere zuzeneko ‘La Romería’ ikuskizuna, musika tradizionalaren aldarrikapen berritzailea da: dantzagarria, alaia eta epikoa.

Dupla musika urbanoa egiten duen taldea da. Hitz esplizituak erabilita, ikutu
elektronikoa zein hip-hop-a nahasten dituen pop musika dute marka. Zuzenekoetan, ahotsa zein bateria, elektronikaren indarrarekin nahasi eta antzerkiaren antza duen espektakulu bisuala sortzen du bikote honek.

Hekthorfolk, bestalde, folk musikaria da eta hainbat instrumentu jotzen ditu:
panderoa, alboka, zerra, peñardoa edo pandero karratua eta handpana edota esku-zartagina, besteak beste. Ohikoa da erromeriatan ikustea, eta parte hartu du, baita ere, Maurizia Aldeiturria panderojole eta abeslariaren irudian oinarritutako ‘Aire!’ dokumentalean.

Aipatzekoa da ere Olaia Inziartek, Itsas Elkarrizketaten parte hartzeaz gain, Herrixkako Oholtzan kontzertua emango du, eta oholtza horretan izango dira, baita ere, Ede, Malva Vela, Ramada Inn, Olana Liss eta EMKE Banda.

Programa osoaren berri izateko irailera arte itxaron beharko da. Publiko guztientzako jaialdia izan nahi du Atlantikaldiak eta musika eskaintza ere horrelakoa izango da: anitza eta koloretsua.