Xenpelar Tailerren 2023-2024 ikasturteko matrikulazio kanpaina irailaren 4ean hasiko da

Datorren irailaren 4ean goizeko 10:00etan abiatuko da Xenpelar Tailerren 2023-2024 ikasturteko matrikulazio kanpaina eta irailaren 15eko 22:00ak arte luzatuko da.

Matrikula online egin ahal izango da kultura.errenteria.eus/xenpelar-tailerrak webgunean.

Modu presentzialean ZU! Zure Udala herritarren arreta zerbitzuan matrikula egin nahi duenak irailaren 11tik 15era izango du aukera. Horretarako, beharrezkoa izango da hitzordua eskatzea 943 449600 edo 010 telefono zenbakietara deituta irailaren 7 eta 15a bitarte.

Interesdun guztiek plaza lortzeko aukera bera izan dezaten, esleipena zozketa bidez egingo da eskaera kopurua plaza kopurua baino handiagoa den ikastaroetan. Izen-emateak, beraz, ez du plaza bermatuko eta izen-emate ordenak ere ez du eraginik izango.

Xenpelar Tailerren 50. urteurrena ospatzen den urte honetan eskaintza zabala diseinatu dute; 50 ikastaro, guztiak ere helduei zuzendutakoak, urte betekoak eta lauhilekoak, hainbat diziplinatan banatuta: pintura, zeramika, argazkigintza, egur tailla, altzarien zaharberritzea eta patchworka. Astean 2 eta 6 ordu arteko iraupena izango dute.

Iaz egin zen moduan, tasak norberaren gaitasun ekonomikoaren arabera zehaztuko dira. Horretarako, matrikularekin batera, eskaera eredu normalizatuan egin beharko da, bai online eta bai presentzialki. Ebazpena ondoren egingo da.

Informazio guztia Xenpelar Tailerren webgunean edo 943 449635 telefono zenbakira deituta eskuratu daiteke.