Atlantikaldiak 59 jarduera eta emanaldi ezberdin eskainiko ditu hilaren 14tik 17ra bere hamargarren edizioan

  • Aurten ere, Itsas Elkarrizketak ekimenaren bidez, nazioarteko eta bertako
    sortzaileak taula gainean elkarrekin ariko dira Errenteriako oholtzetan.
  • Ohi bezala, jaialdiko ekintza guztiak doakoak izango dira eta ez da sarrerarik
    beharko. Hala ere, ekimen batzuetan izen-ematea beharrezkoa izango da.

Programa osoaren berri eman du gaur Atlantikaldia jaialdiak: musika, dantza, artea, literatura, historia eta gastronomiaren inguruko 59 jarduera eta emanaldi ezberdinek osatuko dute irailaren 14tik 17ra izango den egitaraua. Aurtengo edizioa 10. izango da eta ‘Bitakora’ lelopean egingo da. Publiko guztientzako jaialdia izan nahi du Atlantikaldiak eta ekimenen eskaintza ere horrelakoa izango da, anitza eta koloretsua.

Xehetasun guztien berri emateko elkartu dira Errenteriako Lehendakari Agirre plazan Aizpea Otaegi herriko alkatea, Maite Gartzia Kultura zinegotzia, Josean Ruiz de Azua Atlantikaldiako zuzendaria eta Maria Jose Telleria GIpuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria. Euren hitzak musikaz lagundu dituzte jaialdian parte hartuko duten Szamana Contraste taldeko Karolina Kinastowskay poloniar abeslariak eta Hugo Silveira gitarrista brasildarrak.

Ibilitako hamar urteotako bidearen ospakizuna izango da jaialdiaren aurtengo edizioa. Aizpea Otaegik horixe nabarmendu du, hain zuzen, jaialdiaren aurkezpen ekitaldian. “‘Bitakora leloaren bidez, omenaldia egin nahi diogu urteotako lanari, gurean izan diren sortzaileen ekarpenei. Sortzaileek, eragileek eta ikusleek jarriko duten hondar alearekin koaderno horretan orrialde berria idaztea izango dugu aurtengoan ere helburu”.

Nabarmendu nahi izan du, bestalde, parte-hartzaile guztien ekarpen horiek kulturen arteko zubiak eraikitzen dituztela, elkarbizitzaren aldeko apustua direla. Horregatik, “saiatu gara askotariko ahotsen bozgorailu izaten eta programazioa ere dibertsifikatzen. 59 jarduera eta emanaldi ezberdin izango ditugu orotara”. Gainera, ahots horien guztien artean emakumeen lana taularatzeko ahalegin berezia egin dutela azpimarratu du eta hala, jaialdian parte hartuko duten sortzaileen erdia baino gehiago emakumeak izango
direla esan du.

Hau guztia hilabete luzeetan zehar eragileekin egindako lanari eta herritarren
parte-hartzeari zor zaiola aipatu du alkateak eta ahalegin hori eskertu nahi izan du; baita Gipuzkoako Foru Aldundiak urtez urte jaialdiari eskainitako babesa ere.

Bere aldetik, Mari Jose Telleriak Atlantikaldia zoriondu nahi izan du bere 10.
edizioagatik: “Goi-mailako kultura-eskaintza duen programazioa da, eta hori eragile guztiek jaialdi hau egiteko egiten duten lan eta ahalegin handiari esker da. Argi dago 10 urtek askorako ematen dutela, eta horren erakusgarri da Atlantikaldia erreferente bilakatzea eta jende asko biltzea lortu duzuela”.

Gainera, Foru Aldundiko Kultura zuzendariak egitarauko parte hartzaileen gehiengoa emakumezkoa izatea nabarmendu du: “Une honetan, edozein arlotan eta zehazki, kulturaren munduan emakumezkoek merezi duten papera aitortzeko aldarrikapena gero eta nabarmenagoa da, eta Atlantikaldia bezalako jaialdiak horretarako erakusleiho onak dira. Lehenik eta behin, emakume artisten papera aldarrikatzeak garrantzia ematen diolako artista horri, abeslari horri, talde horri. Baina, bigarrenik, ereduak direlako, etorkizuneko belaunaldiei euren buruak isladatuta ikusteko ematen dizkiegun
erreferentziak izango direlako.”

Egitarau zabala

Josean Ruiz de Azua Atlantikaldiako zuzendariak, egitarauaren nondik norakoak azaldu ditu. “4 gune nagusi izango ditu jaialdiak: oholtza nagusia izango den ‘Itsasargi Nagusia’; emanaldi intimoagoak eskainiko dituen ‘Herriko Plaza’; ‘Kalekaia’ artista urbanoentzako espazioa; eta ‘Herrixka’ jarduera parte hartzaileetarako gunea” zehaztu du Ruiz de Azuak. Herrixka, halaber, gastrogune ere izango da bertan jarriko dituzten foodtrucketako eskaintza gastronomikoarekin.

Baina ez dira horiek izango gune bakarrak. Torrekuako ingurua ere eszenatoki natural bilakatuko da aurten. Dantza izango da protagonista bertan, izan ere, Kukai Dantzaren ‘Yarin site specific’ eta ‘Share’ dantza proiektu kolektiboan parte hartzen duten nazioarteko dantzarien saioak emango baitituzte irailaren 16an, larunbatean.

Musikari dagokionez estilo, genero eta jatorri anitzeko proposamenak taularatuko dira: Szamana Contraste, Olaia Inziarte, EDE, Yaima Orozco, DJ Rita, Doble & Hugsound, Rebeca Lane, Yassar, Ramada Inn, Olana Liss, Malva Vela, Deñe, Trouble Woman, Eire, Mirua, Etxepe eta Denso, besteak beste.

Ez dira faltako Errenteriako EMKE bandaren “Bi lurralde, hizkuntza bat” emanaldia eta bertako Herri Arte Eskolak Galesko 3 artistekin egindako hilabeteetako elkartrukearen emaitzaren taularatzea, “Galestar konexioa”.

Zerrenda luze horri, beste behin, Itsas Elkarrizketak gehituko zaizkio: aurtengoan, Fémina eta Bea eta Idoia Asurmendi; Aywa eta Kimu Txalaparta; Nidia Gongora eta Olaia Inziarte; Bia Ferreira eta Iban Nikolai; eta Rodrigo Cuevas eta Dupla eta Hekthorfolk izango dira protagonistak. Ekimen honen bidez, nazioarteko eta bertako sortzaileak taula gainean elkarrekin ariko dira jaialdiko oholtzetan.

“Jatorri anitzetako sortzaileak harremanetan jartzea du xede ekimen honek, inoiz batera taularatu gabeko emanaldiak lehenengoz Atlantikaldiako publikoari eskainiz. Elkarlan hauek jaialdiaren bereizgarri nagusienetako bat dira”, aldarrikatu du zuzendariak.

Aipatu musika eta dantza emanaldiez gain, literaturak, gastronomiak, haur nahiz
helduentzako ikastaro zein tailerrek ere lau egunetako egitaraua osatuko dute: paddle surfa, bisita gidatuak, bitakontakizunak, ziklobira, dantza polinesiarrak, afro urban
tailerrak…

Errenteriari begira

Herria bera ezagutu eta modu berezian bizitzeko unea ere bada Atlantikaldia. Hala adierazi du Maite Gartzia Kultura zinegotziak eta hori sustatzeko adibide dira bisita gidatuak. Hilaren 14, 15, 16 eta 17an egingo dira, euskaraz zein gaztelaniaz, haur eta helduentzat. Horien bidez ezagutu ahalko dituzte parte-hartzaileek, besteak beste, Alde Zaharrean kontserbatu den ondarea, bertan burututako lan eta aurkikuntza arkeologikoak, udalerriko emakume iraultzaileen ekarpena, Errenteriak 1845-1936 bitartean bizi izan zuen lehen industri aroa, Fanderiako Errota eta ibaiaren interpretazio zentroa zein Errenteriaren sustrai itsastarrak.

Nazioarteko gastronomiak ere tokia izango du jaialdian klasiko bilakatu den Sukaldian ekimenari esker. Parte-hartzaileek herriko elkarte desberdinetan prestatuko dituzte Errenterian errotuta dauden Maroko, Peru, Ukraina, Nikaragua, Nepal, Aljeria eta Ijito Herriko platerak. Ondoren, Foru plazan kokatutako Herrixkan izango da jaki horiez euro baten truke gozatzeko aukera. Bildutako dirua Zaporeak elkarteari eskainiko zaiola jakinarazi du zinegotziak.

Oiartzun ibaiaz gozatzeko paddle surf ikastaroak ere izango dira, hilaren 16an, ordu desberdinetan.

Azken jarduera hauetan izena emateko epea irekita dagoela ere gogorarazi nahi izan du Gartziak eta horretako, web orrian eskuragarri dauden formularioak bete beharko dituzte interesdunek.

Ohi bezala, herritar guztien gozamenerako, jaialdiko ekintza guztiak doakoak izango direla azpimarratu du zinegotziak.