Agifesek eta Bideginek suizidioari buruzko hitzaldia emango dute Errenterian, suizidioa prebenitzen laguntzeko jarraibideak emateko

• Hitzaldiak suizidioaren inguruko mitoak apurtzeko balioko du, baita sufrimendu psikikoa jasaten ari diren eta beren buruaz beste egiteari buruz pentsa dezaketen pertsonak inguruan dituztenei jarraibideak emateko ere

• Lurdes Huetak bere buruaz beste egin duen pertsona baten senide gisa bizitako esperientzia partekatuko du

‘Suizidioa: nola lagundu dezaket prebenitzen?’ hitzaldia eskainiko du irailaren 21ean Errenterian Izaskun Andonegik, doluan eta gaixotasun larri aurreratuan laguntzeko Bidegin elkarteko lehendakariak. Bertan izango da, baita ere, Lurdes Hueta, bere buruaz beste egin duen pertsona baten senide gisa bizitako esperientzia partekatzeko.

Reina Aretoan izango da topaketa, 19:30etik aurrera eta gaztelaniaz. “Suizidioaz naturaltasunez mintzatzeko espazioa sortzea” izango da saioaren helburua; izan ere, “beldurrik eta taburik gabe hitz egiteak bizitzak salbatzen dituela badakigu”, doluan aditua den terapeutaren esanetan.

Suizidioa Prebenitzeko Nazioarteko Egunaren (irailaren 10) harira antolatutako hitzaldiak suizidioaren inguruko mitoak apurtzeko ere balioko du, baita sufrimendu psikikoa jasaten ari diren eta beren buruaz beste egiteari buruz pentsa dezaketen pertsonak inguruan dituztenei jarraibideak emateko ere.

Halaber, Bidegin elkarteko ordezkariak senideei beharrezko babesa ematearen garrantziaz hitz egingo du, bai maila profesionalean bai maila sozialean; izan ere, traumari aurre egiteaz gain, “estigma jasaten dute, bakardadean, beldurrez eta errudun sentsazioarekin bizitzera eramaten dituen begirada sozial horren presioa, alegia”, adierazi du Andonegik.