Boluntarioak behar dituzte urriaren 1eko Kilometroak jai handirako

Urriaren 1ean izango da Kilometroak biribilduko duen jai handia: Kilometroak Eguna. Antolatzaileek adierazi dute festa antolatzeko ezinbestekoa dutela denon ekarpena eta, horregatik, boluntarioek egiteko lan eta beharrak zehaztu dituzte gunez gune, baita bakoitzerako zenbat pertsona behar duten ere.

Hortaz, urriaren 1ean boluntario gisa lagundu nahi dutenek esteka honetan eman dezakete izena, eta aukeratu ahal izango dute zeregina eta txanda.

Euskara ahalduntze tailerrak, Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunearen eta Kilometroak 23ren eskutik

Bestalde, Kilometroak 23ren testuinguruan, Orereta Ikastolak eta Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneak euskara ahalduntze tailerrak antolatu dituzte. Euskal hiztunei zuzendutako bi saio izango dira, eta euskaraz gehiago eta erosoago egiten laguntzea izango dute helburu.

2 orduko saio bana izango da, irailaren 21ean edo urriaren 5ean, 18:00etatik 20:00etara. Talde bakoitzean 12 pertsona izango dira, gehienez ere, eta haurrak zaintzeko zerbitzua ere egongo da behar dutenentzat. Orereta Ikastolaren Esmalteriako egoitzan izango dira biak, eta hauxe izango da bertan landuko dena:

• Euskararen bilakaera gure herrian eta eskualdean.

• Kilometroak jaia: nor gara eta zer gara

• Euskaraz gehiago eta erosoago egiteko baliabideak eta estrategiak.

Saio horietan parte hartzeko izena eman behar da oreretaikastola.eus webgunean (Kilometroak 23 atalean).