LGTBI+ elkargunea abiatuko da asteartean

Ikasturte honetan, LGTBI+ pertsonen ahalduntzerako espazioa berrikuntzekin dator, LGTBI+ elkargunearen sorrerarekin.

LGTBI+ pertsonen eta komunitatearen bizitzak zein esperientziak bizigarriagoak diren Errenteria bat irudikatu eta eraikitzeko bidean, Udalak emandako pausua da honakoa, zeinak ‘ErreferenteEKIN, LGTBI biztanleriaren errealitateen diagnostikoa’ abiapuntu izanik, Errenteriako LGTBI+ pertsonen bizi-baldintzak hobetzea helburu duen.

Bide horretan, eta baita ahalduntzerako prozesuetan ere, kolektiboan aritzeak duen ahalmena eta garrantzia ikusirik, LGTBI+ pertsonen ahalduntzerako espazioaren baitan, urritik aurrera, LGTBI+ elkargunea abiatuko da. Honetan ere, LGTBI+ pertsonen ahalduntzerako espazioan bezala, era konfidentzial eta doakoan, bidelaguntza eskainiko da, betiere, genero-identitatea, genero-adierazpena eta sexu-orientazioa sentitzeko, ulertzeko, bizitzeko eta adierazteko dauden askotariko moduak aintzat hartuz.

LGTBI+ elkargunea

14 urtetik gorako LGTBI+ pertsonek eta haien hurbilekoek osaturiko berdinen arteko gunea da. Espazio segurua eta anitza da, hartu-emanerako, elkar eta norbera entzuteko eta izateko espazioa, non harremanak sortu, sareak ehundu eta elkar akonpainatzearekin batera, esperientziak, bizipenak, ikuspuntuak, gogoetak, zalantzak eta ziurgabetasunak partekatzeko aukera dagoen.

Taldeko saio hauek Joxepa Antoni Aranberri anitzenean (4. solairuan) egingo dira, astearteetan, 18:30etik 20:30era. Lehen saioa urriaren 24an izango da, aipaturiko ordutegi eta tokian. Hala ere, ez da beharrezkoa izango lehen saiotik parte hartzea eta edozein unetan saioetara batzeko aukera egongo da. Parte hartzeko, lgtbiespazioa@errenteria.eus helbidera idatziz eman beharko da izena.

Era berean, aipatzekoa da, ikasturte honetan ere sexu eta genero aniztasunarekin lotutako gaietan laguntza behar duten edo zalantzak dituzten pertsonei zuzendutako banakako saioak mantenduko direla. Bertan, eskuragarri dauden baliabide eta zerbitzuen inguruko informazioa, aholkularitza, akonpainamendua eta laguntza emozionala eskainiko dira.

Saioak Udaletxean burutuko dira, astearteetan, 18:30etik 20:30era. Parte hartzeko aurretiaz hitzordua eskatu beharko da, 943 449 576 telefonora deituz edo lgtbiespazioa@errenteria.eus helbidera idatziz.

Informazio gehiago hemen eskura daiteke.