Errenteriako LGTBI+ Politiken Aholku Kontseiluak azaroan emango dio hasiera bere jardunari

LGTBI+ pertsonen bizi-baldintzak hobetzeko urratsak emateko helburuarekin, Errenteriako LGTBI+ Politiken Aholku Kontseiluak bere bidea hasiko du azaroaren 8tik aurrera.

ErreferenteEKIN Errenteriako LGTBI biztanleriaren errealitateen diagnostikoak azaltzen duen moduan, ezinbestekoa da LGTBI+ politiketan aurrerapauso bat ematea LGTBI+ pertsonen bizi-baldintzak hobetzeko, heteroarauan zentratzen ez diren estrategiak eta politikak garatuz. Horregatik, LGTBI+ pertsonek eta kolektiboek egindako eskaerari eta Udalak 2023a amaitu aurretik Kontseiluaren lehen bilkura ospatzeko hartutako konpromisoari erantzunez, Errenteriako LGTBI+ Politiken Aholku Kontseilua eratu da.

Kontseilua LGTBI+ politiken inguruan hausnartu, iritziak trukatu eta lankidetzan aritzeko Udalaren eta herritarren arteko topagunea izango da. LGTBI+ politiken alde lan egin nahi duten herritar, talde nahiz elkarteek izango dute bertaratzeko aukera. Parte hartzean oinarritutako organo hau arduratuko da Errenteriako LGTBI+ pertsonen bizi-baldintzak hobetzeko ekintza-planaren jarraipena egin, garapena bermatu eta Udalari politika horien diseinuan aholku emateaz.

Era berean, kontseiluaren bitartez, besteak beste, herriko LGTBI+ pertsonen parte hartzea, ahalduntzea eta erreferentzialtasuna bultzatzeaz gain, LGTBI+ pertsona eta eragile sozialen sarea sustatu nahi da. Gainera, parte hartzaileek LGTBI+ pertsonen bizi-baldintzak hobetzeko ekimenak eta proiektuak proposatzeko aukera izango dute bertan.

Lehenengo bilera, azaroaren 8an

Lehenengo bilera azaroaren 8an egingo da, 18:00etan, Udaletxeko gela handian. Bertan parte hartzeko eskaera-orria bete beharko da, online tramitazio bidez edo ZU! Zure Udala – Arreta Zerbitzuan eskaera aurkeztuz.

Informazio gehiago hemen.