Orereta Ikastolak Gau Beltza antolatu du aurten ere, herriko hainbat eragilerekin batera

Gau Beltza antolatu du Orereta Ikastolak urriaren 31 ilunabarrerako, herriko hainbat eragilerekin batera: Lau Haizetara euskaltzaleon topagunea, Amulleta danbor kofradia, Ereintza dantza-taldea, Herri Arte Eskola, Urdaburu Mendizale Elkartea, Xenpelar AEK euskaltegia eta Gaztañoko auzo elkartea.

Kalabazaren Bidea da proposamena; 19:30ean Santa Klara kaletik abiatu eta herriko hainbat karriketatik pasa ostean, ordubete ingururen buruan, Agirre Lehendakariaren plazan amaituko den sorpresaz betetako bidea.

Kalabazaren gurdiarekin, Kuiandererekin, trikimako gaineko orekariekin, dantzan zein musikaz eta kriseilu nahiz lastargien argipean, mozorrotuta, egingo da uzta garaia agurtu eta neguan sartzeko Kalabazaren Bidea. Emankizunak ikusi ahal izango dira ibilbidean zeharreko hainbat txokotan zein amaieran, Agirre Lehendakariaren plazan. Ikuskizunak bukatuta, suzko zezenaren jirabirekin, Beldurren Eltzean izuak errez eta kalabaza pastelak janez bukatuko da festa.

Nola parte hartu?

• Kalabazaren Bidea eginez, ahal izatera etxeko trapu eta arropa zaharrekin mozorrotuta. Hainbat ideia eta inspirazio iturri.

• Kalabaza pastela eginez. 19:00etan jasoko dira Agirre Lehendakariaren plazan Kalabazaren Bidearen amaieran elkarrekin jango diren pastelak. Ikusi errezeta.

• Beldurrak paper batean idatziz, festaren amaieran Agirre Lehendakariaren plazan egongo den Izuen Eltzean erretzeko. Adibide bat.

• Etxea eta ingurua apainduz. Kalabazekin, kriseiluekin, oihal zuriekin… apain ditzakegu etxea eta inguruak. Hainbat proposamen.

• Ingurukoak festan parte hartzera gonbidatuz. Gau Beltzak herriarentzako festa izan nahi du eta hala desio duen herritar oro dago bertan parte hartzera gonbidatuta.

V. Beldurrezko (mikro)ipuin eta ikus-entzunezkoen lehiaketa

Gau Beltza eta Euskararen Eguna lotzeko asmoz, Ikastolak V. Beldurrezko (mikro)ipuin eta ikus-entzunezkoen lehiaketa antolatu du. Herriko DBHko ikasleek eta 16 urtetik gorako beste edozein herritarrek ere parte hartu ahal izango dute ekimenean. Abenduaren 1era arteko epea dago lanak aurkezteko. Irabazleen izenak abenduaren 21ean jakinaraziko dira. Hemen xehetasunak eta parte hartzeko oinarriak.