‘Familia Laguna’ proiektuaren lehen topaketa egin zen astelehenean

Astelehen honetan bertan eman zitzaion hasiera ‘Familia Laguna’ proiektuaren 2023-2024 ikasturteko programari Merkatuzarreko eraikinean, Jose Luis Caso aretoan, hain zuzen. Elkarrekin Kooperatiba Txikiaren eskutik, eta Udalak babestuta eta sustatuta, udalerriko Haur eta Lehen Hezkuntzako sei ikastetxeetan egingo da programa bigarren urtez jarraian, betiere errealitate bakoitzera eta eskola-komunitateen ezaugarri eta testuinguruari egokituko delarik.

Programaren helburuak dira ikastetxeetara eta Errenteriara iritsi berri diren familiei harrera egokia egitea, ikastetxeetako eta udalerriko familien arteko kulturarteko harremanak sustatzea, horiek guztiak euskarara eta euskal kulturara hurbiltzea, eta beraz, azken batean, herrian kulturartekotasun harremanak sustatzea.

Lehenengo topaketa honetan ikasturtean zehar bidaide izango dituzten familiak ezagutu zituzten parte-hartzaileek, baita parte hartuko duten gainerako familiak ere. Honekin guztiarekin, ikastetxeetan eta udalerrian sortuko dituzten kulturarteko harremanen elkargunea bihurtu zen topaketa, aurreiritziak eta estereotipoak haustearekin batera, konplizitateak sortzeko aukera eman zuena.