Urteko azken ‘Igandeak dantzan’ abenduaren 3an

Urteari amaiera ezin hobea emateko, ‘Igandeak dantzan’eko azken saioa izango da abenduaren 3an Niessen Kulturgunean. Adinekoek, aurtengo neguko tenporada itxiko duen dantzaldi honetaz gozatzeko aukera izango dute, zuzeneko musikaz lagundurik, arratsaldeko 18:00etatik 20:30era.

Kulturguneko egitura dela eta, eta guztien erosotasunerako, parte-hartzaile bakoitzak bere ur botila eramatea gomendagarria da.

Sarrera doakoa izango da eta ez da gonbidapenik beharko. Aforoa bete arte sartu ahal izango dira interesdunak aretora.

2024an gehiago

Pertsona erretiratuak elkar ezagutzeko, gustuko dituzten dantzak bizitzeko eta herriko kultur ekintzetara hurbiltzeko helburuz sortu zen ekimena urtarrilean. Izan duen harrera ona ikusita, eta udaleko departamentu ezberdinen eta erretiratu klubetako ordezkarien arteko elkarlanari eta ilusioari esker, 2024an ere aurrera jarraituko duela jakinarazi dute.

Ondorengoak dira oraingoz datorren urterako aurreikusitako datak:

  • Urtarrilak 21.
  • Otsailak 18.
  • Martxoak 10.
  • Apirilak 7.
  • Maiatzak 12.