Bigarren urtez jarraian, Zirku Eskola Errenterian

Abenduaren 26tik 29ra Zirku Eskola bihurtuko da Lekuona Fabrika, ‘Berdinki Zirku Garaikidea’ konpainiarekin eskutik. Lurreko eta aireko akrobaziak, oreka eta zirkuitoa, malabarak eta globoflexia… ekintzaz josita egongo diren tailerrak antolatu dituzte bigarren urtez jarraian.

Horrela, lehen edizioan izan zuen arrakasta kontuan hartuta, mantendu egingo da egitaraua, eta are gehiago, nerabeei eta helduei zuzendutako tailer bat ere gehituko da. Era berean, azken egunean, adin-tarte ezberdinek elkarrekin disfrutatzeko aukera izango dute ‘Zirkua Familian’ tailerrean. Kasu honetan, nahitaezkoa izango da gutxienez haur bat eta heldu bat egotea.

Adin-tarteak, datak eta ordutegiak:

  • Abenduak 26an, 27an eta 28an, hiru txanda:
    • Haurrak (5-7 urte): 10:00-11:30
    • Haurrak (8-11 urte): 11:45-13:15
    • Nerabeak eta helduak (12 urtetik aurrera): 17:00-19:00
  • Abenduaren 29an (‘Zirkua Familian’) , bi txanda: 10:00-11:30 eta 11:45-13:15

Izen-emateak doakoak izango dira, eta abenduaren 11n irekiko da horiek egiteko epea, 12:00etatik aurrera Lekuona Fabrikan edo sarrerak.errrenteria.eus-en. Ohar garrantzitsua: ‘Zirkua Familian’ tailerrean ere egin behar da izen-ematea parte-hartzaile bakoitzeko, eta ez familia bakoitzeko.