Herriko pertsona kalteberenak babesteko inoizko ekarpen handiena bideratu du Errenteriako Udalak

Errenteriako Udalak Gizarte Larrialdietarako Laguntzen (GLL) partida handitu du aurten ere. 2020tik, %80 hazi da udalaren ekarpena, 2023an 556.000 eurora iristeraino. Neurri honen bidez, herrian Gizarte Larrialdietarako Laguntzaren premia duen herritar orok bermatua izango du berau jasotzeko eskubidea baldintzak betetzen baditu, azken urteetan eskaerak handitu eta Eusko Jaurlaritzaren ekarpena txikitu bada ere.

Gizarte Larrialdietarako Laguntzak pertsona kalteberenentzat ezinbestekoak dira oso oinarrizko premiei aurre egin diezaieten: elektrizitatea, ura, berokuntza edo alokairua.

Egun, Eusko Jaurlaritzaren ekarpenak ez dira nahikoak premia hori asetzeko. Alde horretatik, udalerri batzuek GLL laguntzak izapidetzeari uzten diote Eusko Jaurlaritzak jarritako aurrekontua amaitzen zaienean. Errenteriako Udalak, ordea, inor atzean uzten ez duen udalerri bidezkoago bat eraikitzeko duen konpromisoaren ildotik, Udalaren diru-kutxa erabiltzen du laguntzei eusteko.

Azken urteotako prezioen gorakadak eta adin txikikoen eta emakumeen premia espezifikoen areagotzeak, Errenteriako geroz eta herritar gehiagok laguntza hauen beharra izatea ekarri du. Zehazki, %20 egin du gora GLL laguntzen eskaerak 2020tik. Eskaera horiei erantzun ahal izateko funtsezkoa izan da udalaren ekarpena %80 hazi izana. Izan ere, Jaurlaritzak 2020an baino 16.000 euro gutxiagoko ekarpena egin du aurten GLL laguntzetarako.

Estatuan jaiotako 60 urtetik gorako emakumeak, laguntzen jasotzaile nagusiak

Kolektibo kalteberenen artean, adinekoak eta emakumeak nabarmentzen dira beti. Horregatik, Agintaldirako Planean lehentasunezko lan arloak dira zaintza eta berdintasuna.

Aurten GLL dirulaguntza jasotzen duten 529 pertsonetatik, 345ek 60 urte edo gehiago dituzte, eta, 383 emakumeak dira; hau da, % 72.

Nabarmentzekoa da, halaber, jasotzaileen % 71 Espainiako Estatuan jaiotakoak direla. Hortaz, laguntza horiek sostengatzen dituzten pertsonen arketipoa honakoa da: Espainiako Estatuan jaiotako adineko emakumea.

Azterlan ugarik erakutsi dute pobrezia erlatiboaren tasak gora egiten duela adinean aurrera joan ahala; beraz, larrialdietarako halako osagarrien mende dago sarritan etxeko ekonomia batzuek eutsi ahal izatea.

Gizarte Larrialdietarako Laguntzak premia berrietara zabaldu

Gogoan izan behar da iaztik GLLen bidez laguntza lerro berri bat dagoela abian 6 eta 16 urte bitarteko adingabeei (derrigorrezko eskolatze adina) interneterako eskubidea bermatzeko, haien familiak egoera ekonomiko ahulean egonez gero.

Bide beretik, eta jasotzaileen tipologia zabalduz, dirulaguntzen lerro berri bat jorratzen hasita dago Udala, kalteberatasun ekonomikoa bizi duten emakumeek oinarri-oinarrizko produktu sanitarioak eta higienikoak eskuratu ahal izan ditzaten; hala nola, hilekoarekin zerikusia dutenak.

Laguntza horiek zabaldu izanak eta udalerri honek zaintzarekin duen konpromisoak azaltzen dute azken urteotako igoera. Hain justu, 2024ko aurrekontuetan ere igoera honek izan du bere isla, %4 hazi baita gizarte babesa sendotzeko udalaren ekarpena.