Juneren Hegoak elkarteak jarduera eskaintza zabalarekin amaituko du 2023a

Juneren Hegoak elkartearen jarduerez eta proposamenez beteta dator abendua, elkartasunaren esperientzia ardatz hartuta, elkartasun hori izan baita erakundearen urteurreneko urte honetan garatutako ekimen guztien balio nagusia.

Gaur, osteguna, Pintxopote solidarioaren bigarren eguna izango da. Pasa den hilabeteko arrakastaren ondoren, aste honetan ere Aker, Gamón 14, Maite, Ondartxo, Etxeondo eta Kantina Lekuona elkarlanean arituko dira Juneren Hegoak pintxo berezia eskainiz edo bi egun hauetako pintxopotean jasotakoaren zati bat emanez.

Bihar, ostiralean, 19:00etatik aurrera Ni ere boluntarioa naiz izeneko hitzaldia izango da Reina aretoan. Saio honetan, Bihotzez, Gizalde, Mindara, Pausoka eta Juneren Hegoak elkarteetako boluntarioek parte hartuko dute. Boluntario izatearen esperientziaz, balioez, eskakizunez eta zailtasunez hausnartuko dute hizlariek, baita denon helburu bat lortzeko denbora eta energia altruismoz eskaintzeak dakartzan zailtasunez ere. Solasaldia Olga Grande kazetariak, Juneren Hegoak elkarteko boluntarioak, dinamizatuko du, eta gure gizartean hain garrantzitsua den kolektibo honen errealitatea hurbilduko duen elkarrizketa izan nahi du.

Kilometro solidarioak, “Zirku Musikala” eta San Silbestrea

Hilabete honetako beste hitzordu garrantzitsu bat Kilometro solidarioak ekimena da, kirol udal instalazioak kudeatzen dituen BeOne/Serviocio enpresak antolatuta, Errenteriako Udalaren laguntzarekin. Abenduaren 19, 20 eta 21ean, goizeko 9:00etatik gaueko 21:00etara, Galtzarabordako kiroldegian bazkideek eta bazkide ez direnek ahalik eta kilometro gehien egin ahal izango dituzte, horretarako bakarrik erabiliko den zinta batean. Parte hartzeko, Galtzarabordako kiroldegiko harreran izena eman behar da, ordu eta egun jakin batean, ordu erdiko txandetan. Edozein adin eta baldintzapeko pertsonak parte har dezake, oinez edo korrika, nahiz eta helburua ahalik eta kilometro gehien lortzen saiatzea izan.

Enpresak Estatu osoan dituen 35 zentroen artean, kilometro gehien lortzen dituen zentroak 3.000€ emango dizkio irabazi-asmorik gabeko erakunde bati. Errenteriaren kasuan, 3 egun horiek kilometro gehien osatzen dituen zentroa izatea lortuz gero, 3.000€ horiek Juneren Hegoak elkarteari emango zaizkio.

Bestalde, abenduaren 23an Bizitu ekimenaren hitzordua egongo da, Mindara elkartearekin batera antolatua. Oraingoan, Landarbaso Abesbatzaren eskutik, Zirku Musikala izendun saio berezia eskainiko da. Sarrerak https://sarrerak.errenteria.eus webgunean daude eskuragarri, eta, beste batzuetan bezala, doakoak dira.

Jarduerez beteriko urtea bukatzeko, datorren abenduaren 31ean izango den San Silbestre lasterketan ere Juneren Hegoak egongo da. Urtero Club Atletico de Renteriak antolatutako ekimen honetan parte hartzeko izen-emateen zati bat doakio Juneren Hegoak elkarteari. Lasterketan parte hartzeko epea abenduaren 29an amaituko da eta izen-emateak hurrengo webgunean egin daitezke: www.atleticorenteria.com