2024ko Mariasun Landa Sarietarako lanak aurkezteko epea, zabalik

Errenteriako Berdintasunerako departamentua, Berdintasunerako Kontseiluaren babesarekin, hamalaugarren urtez Mariasun Landa Sariak martxan jarri ditu.

Ekimen hau Errenteriako Berdintasun III. Planaren baitan kokatuta dago eta bere helburua da Errenteriako emakumeen ekarpena aitortzea eta balioan jartzea. Sari honen bidez, gizarteko arlo desberdinetan emakumeek herriari egindako ekarpenaren berri emango duten idazlanak sustatu, aitortu eta saritu nahi da, izen propioak argitara ekarriz.

Lehiaketa honen bidez bi sari emango dira:

• Emakumezkoen begirada, lanik onena: 450€ (emakume batek edo emakumez osatutako talde batek aurkeztutako lanen artean lanik onena sarituko da).
• Emakumezkoei begirada, lanik onena: 450€ (gainerako lan guztien artean lanik onena sarituko da).

Gainera, bi idazlan irabazleak 2024ko Oarso aldizkarian argitaratuko dira, eta gure inguruko hedabide orokorretan argitaratu ditzaten ahalegina egingo du Udalak. Bi idazlan irabazleen artean, gutxienez bat euskaraz aurkeztutako lana izango da.

Lanak aurkezteko epea urtarrilaren 26an bukatuko da.

Lehiaketaren oinarriak honako helbide honetan daude ikusgai: https://static.errenteria.eus/zerbikat/araudia/mariasunlansaria.pdf

Errenteriako Berdintasunerako Kontseiluak hamalaugarren urtez antolatzen diren Mariasun Landa Sarietan parte hartzeko gonbita zabaldu nahi die herritar guztiei, emakumezkoei deialdi berezia eginez.