Udalak lizitaziora atera ditu Gabierrota pasealekua berrurbanizatzeko lanak

Simulazioa

Behin proiektua idatzita, Errenteriako Udalak lizitaziora atera ditu Gabierrota pasealekua hobetzeko berrurbanizazio-lanak, 1.081.677,70 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne). Lanak hasten direnean, 16 aste inguru iraungo dute.

Egoteko espazioak irabaziko dituen pasealeku seguruago bat

Gabierrota pasealekua, ia 300 metroko luzera eta hektarea erdiko azalera duena, udalerriko gunerik garrantzitsuenetako bat da. Gainera, bi auzo lotzen ditu oinezkoentzako: Gabierrota eta Erdialdea.

Udalak Gabierrotako Laguntasuna Auzo Elkartearekin eta Jesusen Bihotza egoitzako arduradunekin batera landu du pasealeku honen potentzialtasuna handitzeko proposamena. Alde batetik, erakargarriagoa eta seguruagoa egin nahi da pertsonentzako, dagoen zoladura hobetuz eta egungo jardinerak kenduz.

Bestalde, pasealekuaren erdialdean eta Jesusen Bihotza egoitzaren kanpoaldean egoteko eta elkartzeko espazioak irabaziko dira, espazio publiko horretaz gozatzera gonbidatuko duten ekipamendu eta hiri-altzari berriekin.

Oiartzun ibaiarekiko harremana ere hobetuko da, ibilgura iristea erraztuz. Horretarako, beste arrapala bat eraikiko da adinekoen egoitzaren parean.

Azkenik, proposamenak berdeguneen azalera ere handituko du, pasealekuaren azaleraren % 36 izango baita, eta berdegune eta azalera zapalgarri berriak sortuko dira, paisaia hobetzeaz gain drainatze hobea egiteko.