Xabi Madina eta Ebi Soriak dantza garaikidea ekarriko dute Niessen Kulturgunera ostiralean ‘X2’ ikuskizunarekin

Ostiralean, hilak 29, arratsaldeko 19:00etan, Niessen Kulturgunean Xabi Madina eta Ebi Soria artistek ‘X2‘ dantza garaikideko emanaldia eskainiko dute.

‘X2‘ jaiotzetik gorputz ezezagun baten mugimendu formako kontakizuna da. X gorputz bat da, zailtasunen bidez bere potentziala aurkitzen duen gorputz trebea. Beste gorputz batzuekin topo egiten duen gorputz bat eta ezberdintasunean dantza egiten duena. Beste gorputz batean proiektatzen duen gorputza, bere bizi-baldintza propioa eta horrek beste gorputz batean irudikatuko lukeena.

Ikuskizunaren dantzariak Ebi Soria eta Xabi Madina dira baina ez hori bakarrik: Soria zuzendaria eta musika sortzailea ere bada eta kodreografia Madinarekin batera osatu du.

Ebi Soria diziplina anitzeko artista, musikaria, koreografoa, aktorea eta irakaslea da. Donostiako Musika eta Dantza Eskolan eta Bartzelonako ‘Taller de musics’ delakoan trebatu zen. Jazz, konposizio eta moldaketetan trebatu zen Espainiako eta nazioarteko hainbat musikari eta artistarekin. Bere ibilbidea musikan hasi zuen, eta pixkanaka, gertuagoko beste diziplina batzuekin jotzeko interesa agertu zuen, hala nola dantza, kontaktu-inprobisazioa, antzerkia, instalazio-artea, ikus-entzunezkoak, performancea.

Xabier Madina dantzari interpretea da. Halaber, Kolorearekin Elkarte Artistikoa elkartearen sortzaileetako bat eta presidentea ere bada. Elkarte honek desgaitasuna duten pertsonek arteetarako sarbidea izatea sustatzen du Donostian. Aktorea ere bada eta, egun, ‘Matrimonio de amor’ izeneko antzezlanarekin biran dabil, Maite Agirreren zuzendaritzapean.

Ikuskizuna Katapulta plataformak sustatu du, Kutxa Fundazioaren babesarekin eta Niessen Kulturgunearen kolaborazioarekin.