Udazkenean gertatutako bost larrialdi humanitariori laguntza ekonomikoa bideratu dio Udalak 2023an

Urteak dira Errenteriako Udalak dirulaguntza lerroa duela mundu mailan gertatzen diren larrialdi humanitarioei babesa emateko, urtez urte handitzen doana.

Aurtengo larrialdi humanitario nagusiak udazkenean gertatu dira, bereziki arabiar herrialdeetako ekialde eta mendebalde aldean. Batetik, nabarmentzekoa da Gazako lerroan gertatzen ari den sarraskia, berria izan gabe, urriaren 7tik areagotu dena. Nazio Batuen arabera, gaur gaurkoz 15.000 lagun (haurrak gehienak) baino gehiago hil dituzte Israelgo tropek. Hori dela-eta, UNRAW entitateari 15.000 euroko laguntza eman dio Udalak, janari saskien bidez elikadura eskubidea bermatu dezan Gazan eta Ekialde Hurbileko beste lurraldeetan.

Entitate berak, Siria eta Turkiako mugan otsailean gertatutako 7´8 Richter eskalako lurrikarak eragindako kalteei aurre egiteko 8.000 euro jaso ditu.

Maroko, Libia eta etengabeko krisiak

Bestetik, irailaren 8an Marokoko hegoaldean 6´8 magnitudeko lurrikara gertatu zen. Ondorioz, herrixka ugari izan ziren kaltetuak, leku asko isolatuta geratuz. Hori dela-eta, Eguzki elkarteak (Errenteriako marokoar jatorriko herritarrek sortuta) 4.000 euro jaso ditu lehen aldiz aurten. Elkartea Marrakechen kokatua dagoen kultura eta formazioarako Naama elkartearekin dabil elkarlanean, kaltetuei etxebizitza berria bilatzeko edo negurako materialak erosteko laguntzen ari dena.

Ildo beretik, Marokoko Ilargi Erdi Gorriari 4.000 euroko dirulaguntza igorri dio Udalak, isolatuta dauden herrixka horietan dituen egitasmoei laguntzeko.

Marokoko lurrikara gertatu eta gutxira, irailean ekaitza batek bi presa apurtu zituen Libian, iparraldeko Derna hiria erabat suntsituz eta milaka hildako eta desagertu utziz. Kasu honetan ere, UNICEF-en bitartez 8.000 euro bideratu ditu Udalak.

Itsaso Cruz, Kultura Aniztasunaren, Giza Eskubideen eta Garapenerako Lankidetzaren zinegotzia (erdian), Eguzki elkarteko Ahmed Fikry eta Ilham Ferrasse kideekin batera.

Ezusteko zorigaitz hauekin batera, badira azken urteetan betikotu diren krisi humanitarioak ere. Esaterako, Mediterraneoa gurutzatzeko ahaleginetan hiltzen diren etorkinak edota behin hori lortuta Europako hegoaldeko mugetan harrapatuta geratzen direnak. Horregatik, aurten ere Errenteriako Udalak Zaporeak elkarteari 8.000 euroko ekarpena egin dio, Lesboseko uhartean (Grezia) bizi diren 2.700 lagun behintzat egunean behin otordu bero bat jaso dezaten elkarteak bertan duen jangelan.

Azkenik, Errenteriako Udalak 8.000 euro inguru eman dizkio Itsas Salbamendu Humanitarioa erakundeari, Mediterraneoan pertsonak erreskatatzen jarrai dezan.