Eskola Feministaren udaberriko programazioan 5 tailer berri eskainiko dituzte Emakumeen Etxean

Errenteriako Udalak Eskola Feministaren martxotik maiatzera bitarteko programazioa aurkeztu du.

2023ko urrian, Eskola Feministaren hamargarren edizioa jarri zen martxan, eta guztira 14 jardueratan 209 emakumek eman zuten izena.

Udaberri honetan gai berriak lantzen dituzten ikastaroak eskaini nahi dira, eta berriro eskainiko dira autodefentsa feminista eta brikolajeko hastapen-tailerrak, dagoen eskari handiari bide emateko.

Euskaraz ematen diren tailerrak Belarriprest programaren barruan antolatzen dira, ikasleak euskaraz hitz egitera animatzeko, nahiz eta maila baxua izan

Hauek dira udaberri honetan eskaintzen diren 5 tailerrak:

– Autodefentsa feminista tailerra (hastapena):

Tailerraren helburuak hiru dira: Erasoak identifikatzen ikastea, indarkeriaren jatorria eta eraikuntza aztertzea alderdi guztietan, baita haren ondorioak ere.

Eguneroko bizitzako eraso-egoerei erantzuteko eta horiek konpontzeko mekanismoak eta jarduerak bilatzea.

Gure eskubideez, erantzukizunaz eta gure gaitasunez jabetzea ahalbidetuko duen espazio bat sortzea, emakumeen bizitza gizonekiko errespetuz baldintza berdinetan eragozten duen indarkeria-mota horrekin amaitzeko.

Martxoak 23; larunbata; 10.00-14.00/15.30-19.30; gaztelaniaz

Irakaslea: Maitena Monroy

– ‍Etxeko konponketen tailerra

Etxean ohiko ditugun zereginez gain, tarteka sortzen zaizkigu beste zenbait behar. Lanpara hondatu zaigu edo entxufe bat ez dabil. Iturriak ura galtzen du eta komuneko bonbak ez du ondo ixten. Apal bat jarri nahi dugu edo lekuz aldatu nahi dugu. Gela batek pintura esku bat behar du edo egindako zenbait konponketen ondoren txukundu nahi dugu.

Tailer honen helburuak hauek dira: sor daitezken behar horiei aurre egitea, etxean konponketa txikiak egiteko oinarrizko ezagutzak eskuratzea eta tresnak ezagutu eta erabiltzen ikastea, beldurra galduz eta konfiantza hartuz.

Martxoaren 12tik maiatzaren 19ra, astearteetan, 10:00etatik 12:00etara; euskaraz

Irakaslea: Izaskun Gurrutxaga

‍-Ederki zahartzea: eutsi zure ametsei

‍Adinkeria gure gizarteko hiru diskriminazio mota nagusietako bat da, arrazakeriarekin eta sexismoarekin batera. Adinagatik diskriminatzea da, norbait bidegabeki tratatzea, haren adina dela eta.

Tailer honetan gonbita egiten dizugu gogoetarako gune bat sortzeko, adinkeriari buruz eta emakume garenongan duen eraginari buruz; gainera, adinkeriazko aurreiritzi, jokabide eta portaerak hausteko tresnak landuko ditugu, halakoek desahaldundu egiten baikaituzte, eta bizitzeko adorea kendu.

Martxoaren 14tik maiatzaren 30era, ostegunetan, 16:00etatik 18:00etara; gaztelaniaz

Irakaslea: Kontxi Lopez

– Eta zu, nola komunikatzen zara? Berdintasunean erlazionatzeko trebetasunak

Tailer honetan ulertu nahi dugu zer esan nahi duen geure buruarentzat bizitzeak, hau da, gure bizitzaren erdigunean gu geu jarri, eta gure beharrizan eta nahiez jabetzeak.

Emakumeok ikasi dugu gure nahiak bertan behera uzten, edo baztertzen, eta harremanen muinean jartzen besteen premiak zaintzea; ikasi dugu, baliotsu sentituko bagara, besteen balioespena behar izaten, edo maitasuna, edo onespena; horrela, mendeko izateko hezten gaituzte.

Tailerrean horri buruz hausnartuko dugu, eta aldaketa-prozesu bati ekingo diogu, gure bizitzaren erdigunean gu geu jartzeko, gure indarguneak eta dohainak ezagutzeko eta, hala, autonomia, gaitasuna eta segurtasun pertsonala areagotzeko.

Martxoaren 6ik maiatzaren 29ra, asteazkenetan, 15:00etatik 17:00etara; gaztelaniaz

Irakaslea: Pepa Bojó

– Twerk (Booty Dance) tailerra

Mendeetan zehar emakumeon gorputzak, uteroak eta aldakak atrofiatu dituen gizarte gaixo batek sortutako gaitzak pairatzen ditugu oraindik.

Gorputzetik osotasunez eta zintzotasunez jarduteko behar horretatik sortzen da mugitzeko proposamen hau. Gorputz zapalduen, estigmatizatuen, epaituen, zaurituen, desbalorizatuen, ezezagunen eta berezko gaitasun eta indarretik deskonektatuen sendabide eta askapen gisa hain zuzen ere.

Tailerraren helburuak: epaiketarik gabeko espazio bat sortzea eta utero eta aldaken mugimendu naturala, sentsualitatea eta norbere gorputzarekin jolastuz disfrutatzeko gaitasuna berreskuratzea.

Martxoaren 16an, larunbata; 10:00-14:00; euskaraz
Irakaslea: Ikerne Mendieta

Era berean, honako hauek dira martxan jarraitzen duten eta plazak dituzten jabekuntza-taldeak:

-Indarkeriarik gabeko bizitzaren aldeko emakumeen gunea.

– Emakume zaintzaileentzako topagunea.

-Emagune. Jatorri ezberdineko emakumeen topaketa.

Tailer guzti hauek doakoak dira eta izena emateko epea irekita egongo da otsailaren 16tik 26ra.

Izena emateko bide hauek daude: presentziala, ZU! Zure Udala – Arreta Zerbitzuan, Herriko Plaza, z. g. 943 44 96 00 – 010.

7:30-14:00 astelehenak

7:30-19:00 astearte eta ostegunak

7:30-15:00 asteazken eta ostiralak.

Edo online, esteka honetan.

Eskola Feministari buruzko informazioa nahi izanez gero Emakumeen Etxean bertan (Txirrita Parkea, z.g) edo telefonoz (943 449 630) jasotzeko aukera egongo da astelehen eta ostiraletan 9:00etatik 13:00etara, eta astearte, asteazken eta ostegunetan 16:00etatik 20:00etara.

Programaren eskuorria hemen deskargatu daiteke.