‘Errenteriako Ane Santesteban Txirrindulari Saria’ lasterketa jokatuko dute igandean

Datorren igandean, otsailaren 25ean, ‘Errenteriako Ane Santesteban Txirrindulari Saria’ jokatuko dute Errenterian lehen aldiz emakumezkoen kadete eta junior kategorietan, OTXE Oarsoaldea Txirrindulari Ekarteak antolatuta, Errenteriako Udalaren laguntzarekin. Proba 16:00etan hasiko da eta 2 ordu inguruko iraupena izango du.

Juniorrak arratsaldeko 4etan abiatuko dira Nafarroa etorbidetik (Zumardi paretik) eta Gaintxurizketara igo ondoren jaitsiko dira Lezora, helmuga arrastotik 16:15 inguru pasatzeko. Kadeteak, Errenteriako irteeran sartuko dira juniorren tropelean eta itzuli berdina errepikatu beharko dute, helmuga arrastotik 16:30ak aldera bigarren aldiz pasatzeko. Hirugarren itzulian, Txirrindulariak Oiartzunera joango dira, Altzibartik igota, Fortalezako itzulia eman eta “Bariantetik” Larzabalera jaisteko, hortik berriz ere Gaintxurizketako itzulia emango dute berriro, helmugako arrastoa 17:00ak aldera gurutzatzeko. Laugarren itzulian, Oiartzungo ibilbidea errepikatu beharko dute bi alditan, eta Lartzabaldik barrena iritsiko dira helmugara, ordura arteko kontrako noranzkoan bukatuko delarik lasterketa, 17:30ak pasatxo.

Sari banaketa, helmuga arrasto parean egingo dute, Zumardian bertan eta junior zein kadete mailako hiru aurreneko txirrindulariak saritzeaz gain, txirrindulari gehien helmugaratzen dituen taldea era sarituko dute. Era berean, Oarsoaldeko aurreneko juniorrak eta kadeteak ere saria izango dute.

Antolatzaileek adierazi dute txirrindulariei dagokionez, Euskal Herriko aurreneko lasterketa izango denez, txirrindularien parte-harte handia espero dutela, batez ere Euskal taldeetakoena. Halaber, eskerrak eman dizkiete babesle guztiei, zein lasterketa gauzatzeko eskualdetik gerturatu diren ia ehun boluntarioei.

Bestalde, Leire Mazizior Kiroletako zinegotziak honako hau nabarmendu du: “Udalarentzat garrantzi handikoa da horrelako proba bat babestea; izan ere, emakumeen kirola sustatzeko garrantzitsua da gazte-gaztetatik horrelako probetan lehiatu ahal izatea. Era berean, emakumeen kirola eta gazteen kirol jarduera sustatzea bilatzen dugu”.

Trafikoari eta garraio publikoari buruzko neurriak

Lasterketa dela-eta, Udaltzaingoak trafikoari buruzko zenbait neurri hartu ditu.

Igandeko 15:30ak eta 18:30ak bitartean, trafikoa eten egingo da Gaztela-Mantxako biribilgunetik (Renfe) Lartzabalgo biribilguneraino.

Mozketarik luzeenak Galiziako biribilgunetik Matxaingo biribilguneraino 15:30etik 16:00etara (lasterketa hasten denean) eta 17:45etik 18:15era (lasterketa hasten denean) egingo direnak izango dira. Gainontzekoak laburragoak izango dira, eta pilotoia pasatzean gertatuko dira, 16:15, 16:30, 17:00 eta 17:30 inguruan.

Alferrikako itxaronaldiak saihesteko, gidariei ordutegi horiek kontuan hartzeko eta Nafarroa etorbidera joateko bide alternatiboak erabiltzeko eskatzen zaie, eta N-1 errepidea (saihesbidea) zein erdialdeko kaleak erabiltzea gomendatzen da auzoetara sartzeko.

Nafarroa etorbidean eragindako eremuaren barruan dauden garajeetan aparkatzen dutenek kasu horietan erabili ohi diren sarbideak erabili beharko dituzte.

Garraio Publikoa

Hiri-autobusaren U7 lineako Aiako Harria (polikiroldegia), Galizia biribilgunea eta Zumardiko geltokiak bertan behera geldituko dira 15:45etik 18:30era, gutxi gorabehera.

Halaber, hiriarteko E01, E02, E03, eta E27 lineen Zumardiko, Gabierrotako eta Lartzabalgo geltokiak bertan behera geldituko dira 15:30etik 18:30era, gutxi gorabehera.