Udalak Ekialdebusen azken proiektua berrikusteko eskatu dio Aldundiari

Argazkian: Bernar Lemos, Trafiko eta Garraioko Zinegotzia, eta Maite Gartzia, alkateordea

2024ko urtarrilaren 11n Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuen Bidasoa Behea eta Oarsoaldea eskualdeetan eta Donostiarekiko loturetan bidaiarien errepideko erabilera orokorreko hiriarteko garraio-zerbitzu publiko erregularra emateko emakidaren proiektu aldatuaren onespena. Errenteriako Udalak, proiektu horren analisi teknikoa egin ostean, gaur egungo zerbitzua okertzen duten hainbat puntu atzeman ditu. Horren aurrean, errekerimendua aurkeztea erabaki du Aldundiari proiektua errebisatu dezan eskatzeko.

Mugikortasun jasangarrirako eskubidea, zalantzan

Errekerimenduak jasotzen duenez, Aldundiak aurkeztutako proiektu aldatuak mugikortasun jasangarrirako eta garraiobidearen aukeraketa askerako eskubidea zalantzan jartzen du. Horretarako, oinarri gisa, proiektu aldatuan jasotzen diren lineetan gaur egungo lineekiko ematen diren galerak azaltzen ditu; galera horiek, gainera, errenta baxuena duten sektoreei (adinekoak, emakumeak eta langileak oro har) kalte berezia eragingo diotelarik.

Lehenik eta behin, gaur egungo E15 linea desagertzea aurreikusten du proiektu aldatuak. OR07 izenarekin berrizendatzen duen lineak izenburuan Beraun aipatzen badu ere, geltokiak aztertuta, proiektu aldatuak ez ditu jasotzen orain arte E15ak Pontika, Galtzaraborda, Igantzi, Beraun eta Kaputxinoak goikaldean egiten zituen geltokiak.

Errenteria eta Hondarribia arteko lotura zuzena ere desagertzea aurreikusten du proiektu aldatuak, Hondarribira joateko ezinbestean Irundik pasa beharko baita, ibilbidea nabarmen luzatuta. Gaur egungo E20, E26 eta E27 lineak BI03 linean bihurtuko lirateke proiektu aldatuaren arabera, horrek zenbait tartetan frekuentziak gutxitzea ekarriko lukeelarik eta baita Errenteriak Bidasoa Eskualdeko Ospitalearekin lotura zuzena galtzea ere.

Azkenik, beste aldaketa kezkagarria gaur egun oso erabilia den E05 linearen maiztasun aldaketa litzateke. Proiektu aldatuan, linea horrek OR03 izena izango du, eta ohiko frekuentzietan 15 minutuz behin pasatzetik 20 minutuz behin pasatzera igaroko da. Gainera jai-egun arratsaldeetan 20 minutuz behin beharrean 30 minutuz behin pasako litzateke.

Aurre proiektutik proiekturako aldaketak

Errekerimenduaren bigarren arrazoia aurre proiektutik proiektura emandako aldaketak dira. Izan ere, 2022ko maiatzaren 19an Aldundiak aurkeztu zuen aurre proiektuak, gerora proiektu aldatuan jasotzen diren aipatutako galerak ez zituen aurreikusten. Horiek horrela, udalak aurreproiektuari alegazioak egin bazizkion ere, zerbitzuaren galera hauei ezin izan zien alegaziorik egin, alegazioak aurkezteko epearen ondoren egin baitira aldaketak. Horregatik Aldundiari eskatzen zaio Aurreproiektutik Proiekturako aldaketa hauen arrazoiak azaltzeko, adieraziz aldaketa hauek zein txosten edo azterketaren baitan egin diren.

Arrazoi hauek kontutan izanda, Errenteriako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio proiektua errebisatu dezala, zehazki goian azaldutako galeren kasuan gaur egungo zerbitzua mantenduz.